Alkateak azaldu du denbora luzea daramatela elkarlanean eta lortutako akordioak jauzi kualitatibo garrantzitsua ekarriko duela pertsonen zaintzan. “Akordioak garrantzi handiko esku-hartzeak jasotzen ditu. Egundoko aurrerapena da Azkoitiko herriarentzat”. Oso pozik agertu da alkatea Azkoitiko herriari horrelako berriak ematearekin.
3,6 milio eurotik gora hiru urtetan
Diputatuak azaldu duenez, azken urteotan egindako lan gogor horren ondorioz, “jauzi bat eman dugu abangoardian jartzeko, eta COVID-19 funtsetatik datozen 20 milioi euroko aparteko funtsari esker, aldaketa hori datozen urteetan gauzatuko da Gipuzkoako 25 egoitzatan baino gehiagotan, eta horien artean dago Azkoitiko San Jose egoitza”. Gogorarazi du ez dela bide erraza, eta helburua “aldaketa sistemiko” bat sustatzea dela.
Ibilbide horretan, Javier Zubizarreta alkateak egingo diren hobekuntza guztiak azpimarratu ditu. “Batetik, San Jose Egoitza izango da Foru Aldundiak egokitzapenak egingo dituen lurraldeko zentroetako bat, egoitzan eredu berria inplementatzeko. Eta, horretaz gain, bi erakundeon arteko akordioari esker, Unitate Psikogeriatrikoa erabat berrituko da, eta Eguneko Zentroa eta Apartamentu Tutelatuak herrigunera jaitsiko ditugu. Halaber, Udalak lizitaziora aterata du jada egoitzako irisgarritasuna hobetuko duen igogailuaren exekuzio proiektua eta obren zuzendaritza”.
“Uste dut -gaineratu du alkateak- argi dagoela ahalegin eta denbora asko dedikatu dizkiogula San Jose Egoitzari, iragarritako hobekuntza guztiak burutu ahal izateko. Egoitzak eman du zeresana. Bitartean, gu egon behar genuen tokian egon gara, eta hitz egin behar genuenarekin hitz egin dugu, ordezkatzen ditugun herritarren alde, lan isila eginez".
Egokitze eta birmoldaketa lanen lan-faseak
San Jose Egoitzako lanak lau fasetan egingo dira; lehenengo hirurak aurten hasi eta 2024an amaituko dira, eta 3,6 milioiko inbertsioa izango dute. Esku-hartzeari ekiteko igogailu bat jarriko da, egoitzaren irisgarritasuna eta komunitatearekiko konexioa hobetuko dituena, Santa Kutz Gaina eta Ugarte pasealekua konektatuz; obra horrek 745.000 euroko aurrekontua du. Halaber, Janire Igoa zinegotziak azaldu du Udala lanean ari dela egokitutako ibilgailu bat eskura izan dezaten egoiliarrek joan-etorriak egin ahal izateko, zerbitzu pertsonalizatu baten bidez.
Aldi berean, bigarren fase batean, aurten bertan hasiko dira Unitate Psikogeriatrikoa erabat egokitzeko lanak. Beraz, pertsonalizazioaren oinarritik abiatuta, 14 plazak egokituko dira zainketa eredu berrira, bizikidetza-unitate murriztua osatuz (banako gelak eta bainugela propioak dituztela). Unitate horren egokitzapena 2024rako amaitzea aurreikusten da, eta 1.860.000 euroko aurrekontuarekin abiatzen da.
Eguneko Zentroa Azkoitiko herrigunera lekualdatuko da hirugarren fasean, 2022tik 2023ra bitartean, eta 20 plazak ekipamendu berri batera mugituko dira. Udalarenak izango dira gaur egun San Jose egoitzan dauden eguneko zentroa eta tutoretzapeko apartamentuak kokatzeko behar diren espazioak. Aldundiak %65ean finantzatuko du eguneko zentrorako lokalaren erosketa, eta lokala egokitzeko obrak Aldundiaren kargura egingo dira. Bestalde, Udalak gauza bera egingo du tutoretzapeko apartamentuekin; apartamentu horiek herrigunean integratuta egongo dira, eta adinekoentzako babesak eta zainketak dituzten bizitoki gisa diseinatu dira. Aurreko hiru faseak amaitzean, laugarren fasean, eredu berrira egokitutako 12 egoitza-plaza sortuko dira (%75 banako logeletan egongo dira) eta, halaber, jantoki berri bat eta egongela bat egitea aurreikusten da.
Diputatuak eta alkateak protokoloa sinatu ondoren, bi erakundeek arreta ereduaren trantsizioa bultzatzeko konpromisoa berretsi dute. “Pertsonalizazioaren eta berrikuntzaren oinarritik abiatzen den eredu baterantz goaz, komunitatearekiko lotura areagotzea helburu duena. Izan ere, eredu horrek etxe-giroko inguruneak bilatzen ditu, eta pertsona bakoitzaren beharrak eta eskaerak gure ekintzaren erdigunean jartzen ditu”, adierazi du diputatuak.
Gainera, Maite Peñak azpimarratu du Gipuzkoak eredu berrirako lehen urratsak egin dituela, egoitza sektorearekin –erabiltzaileak, senideak, profesionalak, zentroetako arduradunak, patronalak eta sindikatua – adostu eta kontrastatu den lan-prozesu baten testuinguruan, eta ‘Gipuzkoa, etorkizuneko egoitzaranzko trantsizioa’ Liburu Berdearen barruan. “Zehazki, jarduera hori Liburu Berdearen hirugarren jarduketaren barruan kokatzen da, zeinak aurreikusten baitu lehendik dauden zentroetako espazio fisikoak pertsona ardatz duten arreta-ereduetara egokitzea”, zehaztu du.
Javier Zubizarreta alkateak bere esker ona adierazi dio Foru Aldundiari hobekuntza guzti horiek aurrera eramateko erakutsitako prestutasun eta borondatearengatik.