Herriko dendari, taberna eta enpresei ere luzatu diete ekonomikoki laguntzeko gonbidapena.
Atzo arratsaldean agerraldia egin zuten antolatzaileek ekimenaren berri emateko eta bertan izan zen Angel Martin kiroletako zinegotzia, babesa emateko.
Iaz, pandemia tarteko, lasterketa bertan behera utzi zuten, eta aurten berriro ere "ohitura onekin jarraitu eta gure hitza betetzera gatoz, kirola eginez egun ederra pasatu eta laguntza emateko asmotan".
Adinaren arabera, haurren hiru lasterketa izango dira eta helduen lasterketa bat. 2016ra arte jaiotako haurrek 400 metroko lasterketa egingo dute; 2013 eta 2015 artean jaiotakoek 800 metro egingo dituzte, eta 2010 eta 2012 artean jaiotakoek, berriz, 1.200 metro.
Helduetan sartuko dira 2009. urtean eta aurretik jaiotakoak. Haiek lau kilometroko ibilbidea izango dute eta oinez edo lasterka egin ahalko da.
Egunean bertan goizeko 10:00etan hasiko dira dortsal banaketarekin Kontzejupean eta 16:00ak arte jarraituko dute.
11:00etatik aurrera, Marea Urdinaren eskutik, haurrentzat jolasak izango dira plazan eta 12:00etan trikitilariak kaleak girotzeaz arduratuko dira. Arratsaldean, 16:30an, DJa izango da eta 17:00etan hasiko dira lasterketak. Egunari itxiera 19:00etan emango zaio zozketako opari banaketarekin. Halaber, asteburu osoan sentsibilizazio eta informazio erakusketa egongo da ikusgai Portaleburun, eta irailaren 28an Parkinsonaren inguruko hitzaldia eskainiko da.
Izen-emateak:
-Irailaren 17an eta 24an, eliza atarian eman ahalko da izena 11:00etatik 13:30era. Euria ariko balu, plazako arkupeetan egongo dira.
-Irailaren 20, 22, 27 eta 29an, Portaleburu Erakusketa Areto aurrean egongo dira 17:00etatik 19:30era.
Haurrek izena eman dezakete 3 eurogatik edo 8 eurogatik. Lehenengo kasuan , dorsala eta txapa jasoko dituzte, eta bigarrengo kasuan, baita kamiseta ere. Helduen izen-ematea 10 euro kostako da aurrez eta 15 euro, egunean bertan.