Berriak
Berdintasun plana lantzeko saio irekia
Udaleko Berdintasun arloa Azkoitiko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III Plana lantzen ari da. Horretarako, Udalak prozesu parte-hartzailea jarri zuen martxan joan zen martxoan, eta ordutik hona aurreko planaren balorazioa eta egoeraren diagnostikoa landu dira talde eragilearekin, udaleko teknikari eta langileekin, eta herritarrekin elkarlanean. Orain, Berdintasun Planaren zirriborroa landuta, ekarpenak jasotzeko unea iritsi da dokumentua osatu ahal izateko. Berdintasun arloak gai horretan interesa duten herritarrak deitu ditu urriaren 6an, 18:00etan, Elkargunean egingo den lan saiora.
"Denon artean planaren zirriborroa osatzea izango da helburua, ideiak, beharrak eta proposamenak jasoaz", dio Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagak.
Azkoitiko III.Berdintasun Planak, kontuan izango ditu EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren printzipioak eta lan estrategiak, besteak beste: Gobernu ona, Emakumeen Ahalduntzea, Ekonomia eta Gizarte-Antolakuntza Eraldatzea Eskubideak Bermatzeko, eta Indarkeria Matxista Gabeko Biziak.
Behin onartuta, III.Berdintasun Planak 2022-2026 epealdia hartuko du.