"Merezi duen edozein ibilbide, pasadizo, bizitza edo ezagutzak bere txokoa behar du. Lehen, artxiboetan, paperean, eta orain, zuen kasuan, erreportaje digitalaren bidez. Euskarri digitalak alde on bat du, eguneratu daitekeela. Eta uste dut Maxixatzen Euskara Elkarteak oraindik ibilbide luzea duela, eta erreportajea eguneratzea tokatuko zaizuela", azaldu du Marijose Arregik, herri batean euskara elkarteak eta euskarazko komunikabideek duten eragina eta garrantzia azpimarratzearekin batera.
Julen Garate pozik agertu da behin erreportajea argitaratuta, urtebete inguru eman dietelako lanketak. Irene Elortzarentzat, "kazetari bezala gozamena" izan da lana burutzeko izan dituen denbora eta askatasunarekin kontatzea. "Konfiantza osoa eman didate hasieratik gaur arte eta hori gutxitan izaten den arren, horrela sentitu naiz". Hasiera batean, liburua idaztea proposatu zioten baina "zegoen ikus-entzunezko materiala ikusita, erreportaje digitala" egitea proposatu zuen eta baita egin ere.
Elortzak lau azpiataletan banatu du edukia urtezka: Erein, Hazi, Garatu eta Heldu. Erein azpiatalean Maxixatzenen lehenengo urteak jaso ditu Elortzak. "Iruditzen zitzaidan -esan du egileak- prozesu organiko bat dela hau. Maxixatzen hazi txiki batetik hasi zela eta hazten ari dela oraindik, eta orain itzal handia eta sustrai sakonak dituen arbola dela, eta horri tiraka sortu nituen azpiatalak. Ziragarriena Erein da. Amodiozko istorioak bezala, hasiera sekulakoa delako. Kriston ilusioa, kriston indarra, kriston zirarra, gazte batzuen inozentzia eta herri baten erantzuna daude hor".
Hazi azpiatalak 2003tik 2008ra arteko bidea jasotzen du. "Aldizkariaren 100. alea heldu zen garai hartan, sekulakoa. Gero astekari izatera pasatu zen. Gure erronka beti zen jendearengana iristea eta euskal zaletasuna sustatzea. Bestela, euskarara gerturatzen ez zen jendea gerturatzea, eta uste dut pixkanaka lorgu genuela".
Garatu azpiatalak 2009 eta 2014 arteko ibilbidea jasotzen du. Orduan bizitako krisi garaia aipatu du Elortzak, erakundeekin harremanak gaiztotu zirelako eta transmisio falta ere bazegoelako. "Jende berdina ari zen boluntario lanean, behar zen ordezkatzen bat eta ez zen ematen". Asmatu zuten aurrera egiten.
Azken atalak 2015 eta 2021 arteko urteak jasotzen ditu. "Aldizkaria indarrarekin bueltatu zen eta atari digitala sortu zen, gure erreferentea dena".
Orain, erreportaje digitala irakurtzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak.