Obren iraupena 24 hilabetekoa da aurreikuspenen arabera, baina arduradunen kalkuluen arabera etxeak amaituta egon beharko lukete 2024ko uda aurretik.
Esku-hartze benetan konplexua da eraikin berezia delako. 1619an eraiki zuten eta Monumentu Multzo kategoriako Kultur Ondasun izendatuta dago. Zaharberritze lanez Aitor Zubia arduratuko da, espezialista da ondare eraikinen eraberritze lanetan. Berak eraberritu du, esaterako, Donostiako Artzain Onaren katedraleko dorrea. Mikel Arrillaga arkitektoarekin batera egingo du lan.
Idiakez Ederra etxea aldamiopean dago 2009tik. Lau urte lehenago irtenarazi zitzaien bertan bizi zirenei, erortze arriskuagatik. Badirudi gaur egun eraikinak erakusten duen irudiak kontatuta dituela egunak.