San Andres eguna iritsi aurretik, izango da zer ikusia. Azaroaren 25ean, eskuz binakako txapelketa izango da Gurea pilotalekuan, eta asteburu hori ere, hilaren 26a eta 27a, ekintzaz betetaz dagoz.
Azaroaren 26an, San Andres Igeri Saria eta XVII. Herri Lasterketa izango dira arratsaldez, eta gauez, danborrada. Aurten 11 taldek hartuko dute parte, eta talde bakoitza 40-50 lagunek osatuko dute, beraz, jendetza izango da danborrak astintzeko.
Hurrengo egunean, 27an, Azkoitiko baserrietako produktuen erakusketa eta salmenta izango da Herriko plazan, eta baita bolillo lanen erakusketa ere. Gainera, Garapenean Bidelagun azoka ere ospatuko da. Bertan Gobernuz Kanpoko Erakundeek postuak jarriko dituzte produktuak saltzeko eta egiten duten lan solidarioa ezagutzera emateko xedez. Arratsaldez, Bizkargi Musika Eskolako dantzariak eta musikariak, eta Txalkor Txistulari Taldea kalez kale ibiliko dira.
Egitaraua San Andres egunarekin borobilduko da. Festa goizean goizetik lehertuko da. Herriko plazan ohikoa izango da nagusi, taloa eta txistorra. Txuri Urdin elkarteak antolatuta, marrazki lehiaketa ere izango da, eta kaleetan herriko trikilitari gazteak ibiliko dira soinua eta panderoarekin. Herri kirolez eta Kontzejupe sariaren azken pilota partiduez gozatzeko aukera ere izango da. JAITSI EGITARAUA (PDF)