Berdintasun arloan aurrera egiteko eta sentsibilizazioa lantzeko, Udalak eta Hezkidetza Foroak bat egin dute aurtengo azaroaren 25aren bueltan, hainbat jarduera antolatuz. Hezkidetza Foroan parte hartzen dute herriko bost ikastetxeek, kale hezitzaileek, Gazteria Zerbitzuak eta Berdintasun arloak. Lankidetza horren baitan, programa baten bueltan egiten dute lan berdintasuna sustatzeko, estereotipoak desagerrarazteko eta edozein indarkeria eta esklusio mota saihesteko.
Azaroaren 25en atarian, Berdintasun arloak hainbat material banatu du ikastetxeetan ikasleek berdintasun gaia landu dezaten eta sentsibilizazio jarduerak burutu. More koloreko sokak eta hariak banatu zaizkie, sormenari bide emateko. Ikastetxe bakoitzak bere aldetik egingo du lan, baina bideo batean jasoko da denen ekarpena.
Bestetik, gazteek, Artxamendi Topalekuko eta kale hezitzaileek lagunduta, ostiralean grafitia marraztuko dute Kontzejupean. Jarraian, bideo emanaldia eskainiko dute. 15:00etatik 18:30era izango da.
Halaber, ostiralean, 17:30ean, "Sexismoaren hariak eten!" kanpainari jarraipena emango zaio eta aipatutako leloa daraman poltsak banatuko dituzte udal ordezkariek Kontzejupean. Mezu argia zabalduko dute, errespetuzko harremanak, berdintasuna eta segurtasuna, espazio guztietan nahi ditugu.
Elkarretaratzea, ostiralean
Amaiera emateko, Udalak elkarretaratzea deitu du hilaren 25erako Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzeko. 18:30ean izango da Herriko plazan. Erakunde Adierazpena ere kaleratuko du Udalak. Aurten, espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabiltzeko eta horiez gozatzeko emakumeek duten eskubidea aldarrikatuko da testuaren bidez.