“Hainbat ama -azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak- etorri zitzaizkigun eskaera egitera, goizetan haurrekin egoteko toki bat nahi zutela esanez. Eurekin adostu ditugu zerbitzuaren xehetasunak, tokia, ordutegia… Ikusiko dugu zenbaterainoko interesa sortzen duen, eta zenbatek ematen duten izena, baina uste dut ideia ona dela. Kalean ibili beharrean gurasoak bakoitza bere aldetik eta neguko hotzarekin, toki goxoa eskaintzea da gure helburua. Goizetan Ludoteka, esaterako, erabiltzen ez denez, posible ikusi dugu umeentzat ateak zabaltzea”.
Erabiltzaileen erregistroa eramateko, beharrezkoa da aurrez izena ematea. Izen-emate epea abenduaren 7tik hasi eta 23an itxiko da. Izena udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan eman beharko da.
Zerbitzua hilaren 12an jarriko da martxan, eta 23ra bitartean, proba egingo da zerbitzuaren funtzionamenduaren nondik-norakoak ikusteko. Erabiltzaileek Abarketatxo Ludotekan elkartu ahalko dira eta baita, Elkarguneko Herriko plaza aretoan ere. Proba epea amaitutakoan, urtarrilera begira, zerbitzuaren xehetasunak erabiltzaileekin zehaztuko dira.
Zerbitzu berria doan izango da. Espazioa bera eta bertan aurki daitekeen materiala, jolasak, e.a. zaintzeko konpromisoa bakarrik eskatuko zaie erabiltzaileei.