Marea Urdinako kideekin batera aurkeztu zuten atzo egitasmoa Anaitasunako jokalariek eta entrenatzaileak, eta bidelagun izan zuten Kirol zinegotzi Angel Martin.
Mikel Barquero nesken lehen taldearen entrenatzailearen hitzetan, egun polita aterako da. “Aurretik ere izan ditugu futbol egokituari lotutako jarduerak, eta neskak gustura ibili direnez”, aurtengo ekimen berrien artean egun oso bat ondu dute. “Ilusionatuta gaude”, dio Lorea Rueda jokalariak. “Egunari begira eta dena ondo ateratzeko zain gaude”.
Bere aldetik, Kirol zinegotzi Angel Martinek bi taldeak zoriondu ditu horrelako egun bat aurrera ateratzeagatik, eta jendea parte hartzera animatu du.
Egitaraua
Goizeko 11:00etan emango zaie hasiera jarduerei, Txerloian jokatuko den partidu inklusiboarekin. Real Sociedadeko Liga Genuine eta Anaitasuna izango dira futbol zelaian norgehiagoka. Liga Genuine adimen urritasuna duten kolektiboaren taldeek osatutako liga da. Ligaren filosofia da: Lehiatu baino, partekatu.
12:00etatik 13:30era, sentsibilizazio jolasak egingo dituzte Txerloian, Gazteria Zerbitzuaren eta Marea Urdinaren eskutik.
Ondoren, 12:30ean, kalejiraren ordua izango da. Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako trikiti eta pandero taldea aterako da kaleak girotzera.
Egunari jarraipena emateko, nahi duenak Txerloiko tabernan bertan bazkaltzeko aukera izango du. Paella nahi duenak gaurtik aurrera txartela eskuragarri izango du 2,5 eurotan ondorengo tabernetan: Ttakun, Orbela, Olaberri eta Zurt. Halaber, hanburgesa postuak egongo dira.
Arratsaldez, berriro, kirolak hartuko du nagusitasuna. Euskal Ligako nesken partida jokatuko dute Anaitasunak eta Eibarrek. Hasiera berezia emango zaio partiduari dantzariekin eta ohorezko sakearekin. Juli Arregi ere bertan izango da eta bere irrintziarekin hasiko da partidua. Atsedenaldian zozketak ere egingo dira.
Bai goizeko partidu inklusiboa, bai arratsaldekoa, doan izango dira.
Egun horretan, herri barruko garraio publikoa, Urbanuek ibilbidea luzatuko du eta Txerloian bertan egingo du geldialdia.