Aurten 24 ipuin aurkeztu dira sariketara. Javier Zubizarreta alkateak eman dio irekiera sari banaketa ekitaldiari. "Bizenta Mogelek berdintasunaren eta euskararen alde erakutsitako kontzientzia hark ekarri gaitu gaur hona", esan du alkateak. "Sarituak -gehitu du- izan zareten hiruroi eta lehiaketan aurten eta aurreko edizioetan parte hartu duten idazleoi, gauza bat opa dizuet bihotzez: izan dezazuela beti Julene Urzelaik zuen grinaren pareko indarra idazten eta irakurleak konkistatzen jarraitzeko".
Orain arte, behintzat, ez dio idazteari utzi gaurko ekitaldian protagonista izan den hirukoteak. Aurtengo hiru irabazleak aurretik ere sarituak izan dira Udalak eta Azkoitiko Kultur Elkarteak elkarlanean antolatzen duten Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako beste zenbait ediziotan.
Pozik eta eskertuta jaso du saria Maite López Las Herasek alkatearen eskutik. Horrela hitz egin du irabazleak: "Sari bat jasotzea beti da ohorea, baina 41. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako saria jasotzea bikoitza da, batetik, nire jaioterrian egiten den sariketa daelako, eta bestetik, emakume baten izena daramalako. Pozgarria da euskara eta literatura uztartu eta indartu nahi dituen lehiaketa antolatzea, eta sortzaileoi aukera eskaintzea. Horrek Azkoitian bizi ez garenoi, baina azkoitiarrak garenoi herrimina baino herripoza ematen digu. Horrela sentitzen dut nik, herripoza ematen dit".
Bere lanari buruz azaldu du Bizenta Mogel beti izan duela erreferente bere itzulpen lanetan bai Safo edo Egeriaren Ibilbidea itzultzerakoan, edota Poetandreak poesia idazteko orduan ere. Aurten saritutako ipuinari dagokionez berriz, Ikaro eta Dedaloren mitoan inspiratuta dagoela ere gaineratu zuen.
Epaimahaiko kide Patxi Alberdiren aburuz, ipuin "samurra" da.
Bigarren sarituak, Juan Ramon Alberdik ere esker oneko hitzak izan ditu. "Ez dakit zer garela sentiarazten digun edo... polita izaten da ekitaldi hau", esan du. Idatzitako ipuinari buruz dramatikotzat jo du, jokoa tarteko baserria galtzen duen familia baten istorioa kontatzen duelako. "Gizonen testuinguru horretan, inplizituki edo ez dakit zenbateraino nabarmentzen den, emakumeen bizi zuten egoera anbiguoa jaso dut. Etxeko ardurak zituzten, etxekoandreak ziren, eta bazirudien nolabaiteko boterea zutela, baina muturreko erabakietan, zeharo baztertuta zeuden. Anbiguotasun hori nolabait aldatu dela uste dut", eta hori guztia ere jaso du ipuinean. Euskara zinegotzi Marijose Arregik eman dio ondo merezitako oroigarria.
Hirugarren sarituak Gotzon Plaza Jaiok ezin izan du Azkoitira etorri, baina eskertza hitzak bidali ditu ekitaldian irakurtzeko eta horrela egin da.
Udalak Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako edizioetan saritutako hiru ipuinak argitaratzeko konpromisoa hartu zuen, eta aurten 2019 eta 2022 arteko lan sarituak kaleratu ditu labetik atera berria den alean.
Ekitaldia girotzeaz Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasle diren June Garmendia eta Marina Zubizarreta arduratu dira.