Udalak 2021eko maiatzean abiatu zuen Hike Eizan egitasmoa. Orduan hala zioen Eizagirrek: “Urrutiko intxaurrak hamalau gerturatu eta lau. Nire ikuspegia ez da baikorra, ez dut hainbeste intxaur ikusten”, zioen. Bere ustez, nekez entzuten da toka eta nokaren erabilera egokia. Gaur egun, hika mutilekin lotzen da eta nesken artekoa, galbidean dago. “Erdika bilatzen gara. Murriztu eta trakestu egin da hitanoa”. Kezka horri erantzun eta, batez ere, noka sustatzeko ekin zitzaion lanketari.
Ordutik, besteak beste, hika bertso saioak antolatu dira, hitanoaren erabileraren inguruko elkarrizketak egin dira www.ahotsak.eus-en eskutik, gehien erabiltzen diren aditzen inguruko liburuxka argitaratu da, eta iaz, estrainekoz, I.Hike Eizan Bertsopaper Lehiaketa egin zen. Aurten aurki jarriko da martxan lehiaketaren bigarren edizioa.
Hike Eizan egitasmoa ez zen proiektu puntuala izateko jaio, egonkortzeko eta jarraitzeko baizik, eta horixe da egiten ari den bidea.