Aurkezpenak jendetza erakarri du, eta agerian geratu da mimoz eta maitasunez antolatutako ekimena dela Urdinduz 2023. Umorerik ez da falta izan.
Mundu inklusiboago bat eraiki nahi bada, "urdinduz, berdinduz" izan behar du jarrera eta horri indarra emateko, "Sexberdinak" antzezlana ekarriko da Azkoitira. Emanaldia martxoaren 31n,19:00etan, izango da Baztartxo antzokian. Emanaldi solidarioa izango da. Izan ere, Udalak erabaki zuen sarreretatik lortzen den dirua Urdinduz 2023 proiektuarentzat izatea, alegia, Gautena eta Marea Urdina elkarteentzat. Dagoeneko ia-ia sarrera guztiak salduta daude.
Antzezlana Tattakak ekoiztu du, eta oholtza gaina Aitziber Garmendiak eta Telmo Iruretak partekatzen dute. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi ittota dabilen goxoki saltzaileak, euren bizipen afektibo-sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko.
Urdinduz 2023ko egitaraua www.urdinduz2023.org atarian ikus daiteke.