Gaur goizean, prentsa agerraldia egin dute ekimena aurkezteko. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko ordezkari Julen Garaterekin batera izan dira Javier Zubizarreta alkatea eta Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillaga, Emakundeko zuzendaria den Miren Elgarresta, eta Kutxa Fundazioko ordezkari Garbiñe Etxezarreta.
Julen Garatek mamitu du egitaraua, eta azaldu duenez, aurten iazko hutsune batzuk betetzen saiatu dira, adibidez, haurrei zuzendutako tartea.
Liburu azokak berdintasuna, euskara eta literatura uztartzen ditu eta horixe azpimarratu du Zubizarreta alkateak. "Eta -gaineratu du- ezin dut aipatu gabe utzi Bizenta Mogel, euskaraz idatzi zuen lehen emakumea. Azkoitiarra". Alkateak Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari egindako lana eskertu dio, eta baita "azokan parte hartuko duten idazleei, eta nola ez, herriko liburu dendei: Amaitz, Hizki eta Lujan. Eusteko eta indartzeko hainbat arlo ditugu eta berdintasuna, euskara eta literatura zaku horretan sartzen dira. Eutsi diezaiegun, eman hegoak", esan du.
Emakundeko zuzendariak ere azoka honen beharra azpimarratu du, "emakumeen idatzitako literaturari plaza bat" eskaintzen zaiolako, "eta egiten da hain justu egiten da emakumeek euskal literaturaren historian izan duten garairik gozoenean, onenean". Elgarrestak azaldu du emakume idazleek aurrerapauso izugarria eman dutela azken hamarkadan. "Gure literaturaren tradizioa gizonezkoena izan da nagusiki, eta gure historian emakume idazleak egon diren arren, ez zaie merezi zuten ikusgarritasuna eta balioa eman. Horren adibide, 2000. urtera arte emakume bakar bati ez zaio Euskadi Literatura saria eman. Aldiz, azken edizioan kategoria ezberdinetako irabazle guztiak emakumeak izan dira".
Gaur arratsaldean, Mariasun Landaren ibilbideari aitortza egin ostean, Landak Annie Ernauxi buruzko hitzaldia eskainiko du, eta arratsaldea borobiltzeko, umeentzako Dorotea (Pamiela) album ilustratuaren ipuin kontaketa izango da, Amaia Egidazurekin.
Bihar, larunbata, goizez, Petare, Miren Egigurenen biografia izango da hizpide. Leire Ibarguren egileak Miren Egiguren protagonista elkarrizketatuko du.
Ondoren beste bi liburu aurkeztuko dira, Aiora Zabalaren Natura Gure Esku eta Erika Lagomaren eta Estitxu Fernandezen M ama eme ume.
Arratsaldez mahaingurua izango da, "Gazteentzako literatura" izenburupean. Jasone Osorok eta Alaine Agirrek hartuko dute parte, Xabier Mendiguren bideratzaile dela.
Jarraian, Maite López Las Herasen Ibilbidea liburua aurkeztuko da, eta amaiera emateko emakumeek idatzitako testuen irakurketa egingo da.
Ikusi hemen eskuorria eta ordutegiak