Azkoitri Triatloi Klubeko lehendakari Aitor Beneitezek, Aritz Uranga antolatzaile nagusiak, Marea Urdinako ordezkari Nekane Zalbidek, eta udaleko kirol teknikaria den Lia Ariñok eman dituzte Duatloi Festaren nondik norakoak.
Aurten, Duatloi Festak trafikoan eragin ditzakeen eragozpenak ahal den neurrian saihesteko, egun bakarrean egin ordez, bi egunetara pasatu dute.
Duatloi Estandarra igande goizean izango da, besteak beste, igandez saltokiak eta merkataritza establezimendu handiak itxita daudenez, ibilgailua hartzearen beharra ere murriztu egiten delako. Edonola ere, probek eragina izango dute trafikoan.
Larunbat goizean Eskola Kirolean parte hartzen duten umeak aterako dira Duatloi Txikian, LH3 eta LH6 adin tartekoak. Egunean bertan izena emateko aukera izango dute LH1 eta LH2koek ere. 9:30ean hasiko da Duatloi Txikia eta azken proba 12:30ean izango da.
Proba herrikoia edo Duatloi Supersprinta 16:00etan hasiko da larunbatean, eta autoz ezingo da herrigunean ibili 17:00ak bitartean gutxi gorabehera. 2,5 km egingo dituzte korrika, 10 km txirrinduz, eta beste 1,25 km lasterka. 16:00etan paraduatloikoak irtengo dira, 16:02an, gizonezkoak, 16:04ean emakumezkoak, eta 16:06an kadeteak.
Igandeko Duatloi Estandarrean parte hartzen dutenek 10 km korrika, 40 km txirrinduan, eta beste 5 km korrika egingo dituzte. Drafting gabeko proba izango da. 10:00etan aterako dira gizonezkoak eta 10:05ean, emakumezkoak.
Igandean, Duatloiaren noranzkoan bidea itxita egongo da txirrinduan doazen bitartean. Azkoititik Azpeitira joango dira partaideak, handik Nuarbera, ondoren Errezilera, eta bueltan, Landetatik barrena, berriro Azkoitia aldera hartuko dute. 10:30ean aterako da lehenengo txirrindularia, aurreikusitako plangintzaren arabera. Ondorioz, gutxi gorabehera, 11:30etik 12:30era ezingo da Azpeititik Azkoitira joan, errepidea itxita egongo baita. Herrian korrikalariak dabiltzan bitartean, ere, trafikoa moztu egingo da.
Parte hartzeko ez da beharrezkoa federatuta egotea.
Duatloi Festa inklusiboa da, Nekane Zalbidek azaldu bezala, kirola eskubide izatetik haratago doalako, eta kirolak zerbaiten parte sentiarazten duelako.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkie babeslei, tartean Azkoitiko Udalari, eta baita bolondresei ere. Igandean, esaterako, 80 bolondres inguru egongo dira.
Informazio guztia www.azkoitikoduatloia.eus atarian kontsulta daiteke.