Eskolako Agenda 2030ean, aurtengo ikasturtean herriko bost ikastetxeek hartu dute parte, Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitia BHI-k eta Izarraitz Lanbide Heziketak. Guztira, 2.200 ikasle batu dira proiektura.
Aurtengo eta datorren urteko ikasturterako aukeratu duten Garapen Jasangarrirako helburua zazpigarrena izan da, "Energia Eskuragarri eta Ez Kutsatzailea", eta lelo gisa, "Energia, bizitzaren motorra" hartu dute.
Lanketa ugari egin dituzte energiaren bueltan: ikastetxeetako argiak eta berogailuak aztertu, etxean ditugun gailu elektriko eta elektronikoetan erreparatu, herriko argiteria zein egoeran dagoen jabetu, energia berriztagarriak duten presentzia eta gaiari lotutako hainbat arazo ere aztertu dituzten, hala nola, energia pobrezia.
Ikasleek atera duten oinarrizko ondorioa, energia asko kontsumitzen dugula izan da. Askotan gehiegi, alferrik gastatzen delako. Eta hainbat konpromiso hartu dituzte, energia-kontsumoa murrizte aldera. Hala nola, berogailua jarri aurretik arropa jantzi, argitasun naturala aprobetxatu eta argiak soilik behar direnean piztu, erabili arretaz gailu elektronikoak edota gertu dauden lekuetara oinez edo garraio publikoan joatea.
Herriko diagnostikoa burutzean egindako ikerketen ondorioz, udal ordezkariei zuzendutako proposamenak aurkeztu dizkiete udalbatzan. Horietako batzuk, herriko argiteriaren ingurukoak izan dira, beste batzuk energia berriztagarrien presentzia handitzeko eskaerak, eta baita mugikortasun jasangarriaren aldekoak ere.
Alkateak eskerrak emanez, Udalean energiaren gaiak duen garrantzia azpimarratu die. Gogorarazi die herrian sekulako inbertsioa egin dela LED argiak ipintzeko, eta udal eraikinetan, batzuetan dagoeneko badauden arren, eguzki plakak jartzeko saiakera egingo duela Udalak. Halaber, herri barruko garraioa, Urbanue, elektrikoa zergatik ez den galdetuta, erantzun du bere garaian saiakera egin zela eta kostua oso altua zela, baina kontuan izango dutela.
Alkateak gaineratu du ikasleek hartutako konpromisoekin bat egiten duela berak, eta Udalak.