Alberdiren hitzetan, Saharako mendebaldeak bizi duen egoera "gutxi ezagutzen da" orokorrean, eta Sahararen aldeko aldarrikapen mezua zabaltzeko ere aprobetxatu nahi dute larunbata.
Embarca Belkher sahararra da eta 2014tik Azkoitiko bizilaguna. Saharako historiaren zertzelada batzuk eman ditu. Gogora ekarri du 47 urte daramatzatela errefuxiatuen kanpamenduetan bizirauten. 2020an, Marokok Bake Akordioa hautsi zuen eta egun, gerran jarraitzen dute.
Sahararrek bizi duten egoera larriaren aurrean gizarteak begiak itxi ez ditzan, eta aldi berean, elkarbizitzari bide eman, egitarau zabala osatu dute, eta gaur emango diete hasiera jarduerei. Izan ere, Begirune Fundazioko Xabier Alberdik hitzaldia eskainiko du 19:00etan Elkargunean, "Migrazio prozesuak: Zurrumurruak, pertzepzioak eta jarrerak" izenburupean.
Egun handia larunbatekoa izango da, ekainaren 3a. Goizean, 11:30etik aurrera, haurrentzat tailerrak jarriko dituzte Herriko plazan, eta 13:00ean, Saharar Dantzak aurkeztuko dituzte. Ondoren bazkaria egingo dute. 120 lagunek eman dute izena, antolatzaileek azaldu dutenez. Bazkalostean, 16:00etan, Alberto Bargos ipuin kontalariaren "Kolore asko, ipuin bakarra" saioa izango da haurrentzat. Bertso saio musikatuarekin emango zaio jarraipena. Aner Euzkitze, Naia Arrizabalaga, Ekhiñe Zapiain eta Asier Alcedo arituko dira bertsotan, eta Nora Eizagirre eta Libe Goenaga arduratuko dira musikaz.
Eguna borobiltzeko "Desio bat dugu" abestuko dute denek elkarrekin.