Udala estolderia sarean lanean ari da labezomorro izurriteari aurre egiteko. Irabia enpresak, Udalaren enkarguz, hilero egiten zituen herrian intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanak. Orain, labezomorroen aurkako tratamendua eta aplikazio-maiztasuna areagotu ditu. Hemendik aurrera, bi astez behin burutuko dira lanak.
Uda urte-sasoi aproposa da labezomorroak areagotzeko. Izurrien kontrolean eta prebentzioan adituak diren Irabiako langileen arabera, "normala da udan labezomorro beltza kanporantz ateratzea, kutxatilen barruan bero handia biltzen delako. Beroagatik ateratzen dira. Kutxatiletan, berez, egon beti daude labezomorroak. Labezomorroa arratoiarekin bizi da. Eta, garai honetan, ilunabarrean edo gauean irteten dira batez ere. Udalerri guztietako arazoa da".