Danborrada eta danborradaren atzean dauden gizon-emakume guztiei aitortza egiteko, denen izenean pertsona erreferenteak aterako dira udaletxeko balkoira txupinazoa botatzeko. Lehenengo danborrada haietan parte hartu zuen Justino Sasieta, eta Xanti Artetxe Etxesa eta Ana Etxaniz Olaberri, gaur egungo zuzendari beteranoak. Hirurek ilusioz eta gogotsu hartu dute gonbitea, eta hirukoteari tokatuko zaio plaza bete jenderen aurrean, suziriaz arduratzea.
Ekitaldia irekia da, bakoitzak bere oroimenetik, 1948ko abuztuaren 14an ospatutako lehenengo danborrada hartatik gaurdaino egindakoak gogora ekar ditzan. “Iritsiko -dio Ana Azkoitia alkateak - dira datozen urteetako Andramari jaiak. Baina 2023ko festak ez ditugu berriz errepikatuko. Horregatik da une berezia, eta une berezi hori da barrika eta danbor-jole, zuzendari, kantinera, antolatzaile eta gainerakoekin partekatu nahi duguna”.