"Urte guzti hauetan -esan du alkateak- asko izan dira, asko izan zarete, danborradari eutsi diozuenak, herriaren gozamenerako, horrelako ekintzek ere egiten dutelako herria, herri. Danborrada altxor bat da, gure altxorra. 75 urtetan, zenbat bizipen eman dizkigu? Zenbat lagunarteko momentu eder? Zuek, danborradaren aurrean eta atzean egon zaretenok, ondo merezia duzue gaurko aitortza. Besteoi, zuen denbora eta lana eskertzea dagokigu. Aitortza eta eskertza zuentzat”.
12:00etan, Plazako erlojuaren karilloiak “Ondo pasau Andramaixek” jo ostean, entzun da festei hasiera eman dien suziria. “Jarri 2023ko Andramaixei gatza eta piperra! Erakutsi ahotsa kantatzeko duzuela! Eta oinak, dantzarako direla! Izan ditzazuela lagunarte ona, umorea eta festarako indarra!” esan du Ana Azkoitiak udaletxeko balkoitik, plaza jendez gainezka zela.
Hasi dira 2023ko Andramaixek.
Ondo pasau Andramaixek!