Aurten 44 gizon-emakume izan dira omenduak, denak bazkaltzera joan ez diren arren.
Bazkalostean, oroigarriak banatu zaizkie denei, eta musikaz gozatzeko astia ere izan dute.
Jubilatuen anai-arreba arteko bazkaria egin dute gaur Elkargunean, urteroko hitzorduari eutsiz. Udalak lagunduta, Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak antolatzen du gaurko eguna, eta bazkaltzeko 200 lagun elkartu dira gaurkoan. Estrainekoz Azkoitian izan da bazkaria, herritik atera beharrik izan ez zezaten omenduek eta familiek.
Ana Azkoitia alkatea izan da bertan, aurten 90 urte bete dituztenak edo betetzear dituztenak zoriontzeko, eta Udalaren babesa erakusteko. Horrela esan die: “Bizitza bera, ederra bezain zaila baita. Eta hori nahikoa azkar ikasten da gehienetan. Horregatik duzue merezita omenaldi hau. Bizitzak berak askotan jartzen gaituelako proban. Eta zuek hemen zaudete. Familiaz inguratuta. Gorabehera eta zailtasun guztien gainetik, hemen zaudete. Bizitzari kantatuz. Bizitza oso bateko eskarmentua eta jakituria dituzue. Bizitza oso bateko malkoak eta irriak. Bizitza oso bateko hitzak. Bizitza oso bateko maitasuna. Hori asko da. Asko da bizitakoa. Asko da gaur eta hemen ospatzeko duzuena, eta duguna”. Bizitzari heltzeko eskatu die alkateak omenaldia jaso duten gizon eta emakumeei.
Aurten 44 gizon-emakume izan dira omenduak, denak bazkaltzera joan ez diren arren.
Bazkalostean, oroigarriak banatu zaizkie denei, eta musikaz gozatzeko astia ere izan dute.