Azken urteetan, eskualdeko negozio txikien itxiera saihesteko asmoarekin, Azkoitiko “Herrixen” nahiz Azpeitiko “Bertan” merkataritza elkarteak eta Iraurgi Berritzen -Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia- lankidetzan ari dira jarduera ekonomiko ezberdinetara bideratzen diren negozio txikien eskualdatze prozesuak sustatzen.
Negozioen eskualdatzea erraza ez den arren, azken urteetan eskualdean arrakastatsuak izan diren hainbat kasu eman dira. Hau dela eta, negozioen eskualdatze prozesuetan kontutan izan beharreko alderdiak nahiz eskualdean eman diren praktika onak aurkezteko lan saio bat antolatu dute Azkoitia eta Azpeitiko Merkataritza elkarteek eta Iraurgi Berritzenek elkarlanean. Lan saioa, Irailak 28 ostegunean ospatuko da Azkoitian, Elkarguneko Oteiza aretoan arratsaldeko 14.00ak eta 16.30ak bitartean.
Lan saioan, lehenik eta behin, negozioen eskualdatzean kontutan izan beharreko gakoak aurkeztuko dira “PKF Attest” aholkularitza etxearen eskutik. Izan ere, eskualdatze prozesuak arrakastatsuak izan daitezen, badira kontutan hartu beharreko hainbat xehetasun.
Lan saioaren bigarren zatian, aldiz, dagoeneko eskualdean eman diren eskualdatzeen esperientzia errealak aurkeztuko dira. Esperientzia hauek, bi ikuspuntutatik landuko dira gainera. Batetik, negozioa utzi eta hau eskualdatze bidez beste pertsona baten esku utzi dutenen testigantzak ezagutu ahalko dira. Bestetik, berriz, dagoeneko abian zen negozio bati jarraipena ematea erabaki duten ekintzaileen esperientzia ezagutu ahalko da.
Lan saioak, honako egitura izango du:
• Agurra merkatari elkarteen eskutik.
• Eskualdatzearen gakoak, PKF Attest adituen eskutik.
Praktika onak:
-Belaetxe papertegia egun Mendata estudio grafikoa (Veronica Gallarin), hartzailea.
-Memphis egun Mima etxeko osagarriak (Oihana Goenaga), hartzailea.
-Urola Express taberna, Nagore Alberdi, hartzailea.
- Grieta arropa denda, Marian Fernandez, lagatzailea.
Saioaren itxiera, Iraurgi Berritzen.
Saioa, dagoeneko abian den negozio bat hartzeko interesa izan dezaketen ekintzaile potentzialei zein negozio bat eskualdatzeko asmoarekin dabiltzan enprea txikiei zuzendua dago, edozein delarik ere beraien jarduera (merkataritza, zerbitzuak, eraikuntza).
Jardunaldian parte hartzeko izen ematea ezinbestekoa da eta izena eman daiteke herriko merkatari elkartearekin (Herrixen-Azkoitia_608313024 / Bertan-Azpeitia 688823944) nahiz Iraurgi Berritzenekin (Alazne 688718777) harremanetan jarrrita.
Ekimen honen babesleak, Herrixen azkoitiko merkatari elkartea, Bertan azpeitiko merkatari elkartea, Azkoitiko eta Azpeitiko udala, Iraurgi Berritzen eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira.