Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, osatu duen dokumentua da, zainketen plangintza partekatua eta adostua errazteko helburua duen gida praktikoa.
Gipuzkoako Foru Aldundia zainketa lanen paradigma berri bateranzko trantsizioan murgilduta dago. Horretarako, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda du bide adierazle. Tresna horren bidez, arreta emateko modu berriak sortu nahi dira, berrikuntzatik abiatuta, sare komunitarioak indartuz eta pertsonak ekintza ororen erdigunean jarriz.
Oinarri horretatik abiatuta, "Zuk jakitea nahi dut…” dokumentuan jasotzen den gida egin da, zainketak planifikatzen laguntzeko, pertsona bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta. Egunerokotasunean edo aldaketa-uneetan erabakiak hartzea errazteko balio duen tresna da, pertsonei, haien familiei, lagunei edo haiei laguntzen dieten profesionalei zuzendutako jarraibide sinpleen bidez. Entzuteko eta pertsona bakoitzaren balioak, nahiak eta beharrak errespetatzeko aukerak sortzen ditu, eta horiek funtsezkoak dira zainketen pertsonalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.
Dokumentu irekia da, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean bete dezake, bere lehentasunen arabera. Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuarentzat, dokumentu honek aukera ematen du arreta modu kolaboratiboagoetarantz jotzeko; horrela, pertsonari bere bizitzaren eta jasotzen dituen laguntzen gaineko kontrola itzultzen zaio, eta pertsona Gipuzkoako gizarte zerbitzuen eredu berriaren ardatz nagusi bihurtzen da.
Lan hori ezagutarazteko asmoz, hitzaldi informatiboak egiten ari dira Gipuzkoako hainbat udalerritan. Tresna hau ezagutarazteko plangintza bat aktibatu da, pedagogikoki informatu eta formatzeko, modu eraginkor eta egokian erabil dadin. Horretarako, topaketak eta informazio hitzaldiak egingo dira eskualdeka, bilera sektorialak hainbat erakunde eta udalekin, eta gutunak bidaliko dira gizarte zerbitzuen erabiltzaileak diren pertsonen etxeetara.
Aldundiak harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat aktibatu ditu: 943244835 eta zukjakiteanahidut@gipuzkoa.eus / quieroquesepas@gipuzkoa.eus.
Dokumentua deskarga daiteke Gizarte Politiketako Departamentuaren webgunetik ere: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gizartepolitika/bioetikako-komitea