Udaletako eta Fray Joseph Echevarria Elkarteko ordezkariek, Loreto Aramendi eta Itziar Urbieta organistek, gaur goizean aurkeztu dute egitaraua. Azkoitiko Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek hiru herrien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Fray Joseph Echevarría elkartearen arteko elkarlana goraipatu du “"elkarrekin egindako lanari esker, sendotzen eta indartzen joan den sekulako organo zikloa dugulako, eta organoa musika- tresna gisa hedatzen nabarmen lagundu duelako". Bergarako Kultura zinegotziak, Maite Usabiagak, eta Azpeitiko Kultura teknikari Pili Arrietak ere, esker oneko hitzak egin dituzte, musika zikloaren kalitatea goraipatuz.
Itziar Urbietak azaldu duenez, “zikloaren ardatza organoa da. Saiatzen gara kontzertu batzuetan beste musik-tresna batzuk sartzen organoari laguntzeko, baina organoa bakarrik entzutea ere gustatzen zaigu, dituen posibilitate guztiak ikusteko. Aurtengoa berezia izango da”. Organistaren hitzetan, gonbidatu guztiak “mimo handiz” ari dira kontzertuak prestatzen eta gozatzekoa izango da.
Azkoitian lau kontzertu eskainiko dira, urriko larunbat guztietan. Hitzordua 20:00etan izango da Parrokian.
Azkoitiko programazioari dagokionez, urriaren 7an Esther Ciudad organista zaragozarrak eta Juanjo Guillem perkusionista valentziarrak estreinatuko dute zikloa.
Bigarren kontzertua, 14an, organoaren enbaxadore ospetsuenetarikoa den Olivier Latry, Parisko Notre Dame katedraleko organistak eskainiko du. Urriaren 21ean, 2000.urtetik Azkoitiko organista titularra den Jose Luis Frantzesenak emango du kontzertua Mariatxen Urkia sopranoak lagunduta. Azpeitiko eta Bergarako Musika Eskoletako organoko ikasleek itxiko dute zikloa urriko azken larunbatean.
Loiolako Basilikako kontzertuak ostiraletan izango dira, 19:30ean, urriaren 6an, 13an eta 20an, eta Bergaran urriaren 7an, 14an eta 21ean izango dira, 20:00etan. IKUSI EGITARAU OSOA HEMEN