Esther Ciudad
Musikologoa, organista, tekla-interpretatzailea, programatzailea eta kultura kudeatzailea. Zaragozakoa izanik, bere jaioterriko Kontserbatorioan hasi zituen ikasketak eta han lortu zuen pianoko titulu profesionala. Ondoren, Organoko eta Klabezineko ikasketak hasi zituen Aragoiko Goi Mailako Kontserbatorioan, eta Organoko eta Klabezineko espezialitateetako goi-mailako titulazioak lortu zituen. Era berean, Solfeoko eta Musikaren Teoria eta Musika Pedagogiako goi-mailako tituluak eskuratu zituen.
Ikasketak amaitu ondoren, Bartzelonara joan zen, Montserrat Torrentekin hobekuntza-eskolak jasotzera. Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu zuen Filosofia eta Letren Fakultateko Artearen Historiako Sailean, bikain kalifikazioarekin, «La construcción de arquetipos en el cine a través de los instrumentos antiguos de tecla. Funciones y significado de los instrumentos antiguos en la escena» (Zineman teklako antzinako instrumentuen bidez arketipoak eraikitzea. Antzinako musika-tresnen funtzioak eta esanahia eszenan) izeneko lan berritzaileagatik. 2020an Musikologiako Masterra lortu zuen Errioxako Unibertsitatean, kanpoko praktikak egin zituen Zaragozako Auditorioan, eta 2022an Interpretazioko Graduondoa lortu zuen Ganteko Unibertsitatean.
Estatuko eta nazioarteko zikloetan parte hartu du bakarlari eta ganberako interprete gisa. 2013an Europako bira bat egin zuen, Aragoiko Gobernuak babestuta, eta kontzertuak eman zituen Brujasen, Stockholmen, Milanen, Erroman, Estrasburgon, Vienan eta Kolonian. 2015ean, Mexikoko Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen, Espainiako Kultura Ministerioak babestuta. 2018an, beste bira bat egin zuen eta, besteak beste, Milanen, Andorra La Vellan, Xàbian, Errumanian, Iruñean eta Porton egon zen.
Antzinako musikako “El Triunfo de Ariadna” taldearen sortzailea, Las Cinco Villaseko Musika Jaialdiaren zuzendaria, Santa Engraciako Organoko Nazioarteko Zikloaren programatzaile eta koordinatzailea eta Zaragozako Adviento Zikloaren zuzendaria da. Organoko irakaslea da Teruelgo Musika Kontserbatorio profesionalean.
Juanjo Guillem
(Catarroja, Valentzia, 1965)
Perkusionista bakarlaria, orkestra-musikaria, irakaslea, konpositorea eta ekoizlea.
Musikari polifazetikoa da, eta erreferentea bere arloan, egungo abangoardiako musikarekin eta gaur egungo musikarekin eta perkusioarekin lotutako guztiarekin duen konpromisoagatik. Kontzertista gisa, abangoardiako musikan aditua da eta Espainian, Europan, Asian eta Amerikan eman ditu errezitaldiak. Konpositore askok eskaini dizkiote beren lanak.
Perkusiorako eta orkestrarako kontzertu ugari estreinatu ditu hainbat talderekin, besteak beste, Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta OCB, OSM eta OFM orkestrekin.
2012tik Perkusioko pedagogia-saileko irakaslea da Katerina Gurska Goi Mailako Ikastetxean, Alfonso X El Sabio Unibertsitatean, eta irakasle gonbidatua Balear Uharteetako Goi Mailako Kontserbatorioan.
Zuzendari artistikoa da NEOPERCUSION taldean. Berarekin era guztietako agertokietan aritu da, esaterako, musika klasikoko jaialdietan, musika garaikideko jardunaldietan eta askotariko arte eszenikoetako adierazpenetan, zenbait artistarekin batera, besteak beste, Cuarteto Ardittirekin eta Markus Stockhausenekin.
Konpositore gisa pieza asko idatzi ditu, gehienak perkusiorako, eta hainbat erakundek enkarguak egin dizkiote, hala nola Musika Garaikidearen Hedapenerako Zentroak, Institut Valencià de la Música erakundeak eta Musika Erlijiosoaren Cuencako Jaialdiak. Horietako batzuk nazioarteko hainbat taldek
interpretatzen dituzte maiz.
Valentziako, Bartzelonako eta Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioetan, Estrasburgoko (Frantzia) CNRan eta Manchesterreko (Ingalaterra) RNCMan jaso du prestakuntza.
Neopercusion taldearen zuzendari artistikoa eta sortzailea da. Madrilgo Madrid Actual zikloetako (Ritmo Vital, Konekt@rte sonoro, Pleyades) eta Xàbiako (Alcant) jaialdiko zuzendari artistikoa da.
1999tik, irakasle bakarlaria da Espainiako Orkestra Nazionalean.