Udalak onartu ditu 2013ko aurrekontuak. Lanketa eta ahalegin berezi baten ondorio izan dira, bilera, kalkulu, negoziazio eta esfortzu sendoen ondorio. Eta emaitzarekin gustura dago Udala: herritarren partaidetzak zeresan handia izan duelako, gainerako alderdiekin adostasunak lortu direlako, eta iazko egora zailari buelta eman eta positiboan amaitzea lortu duelako.
Garrantzi handia izan du herritarren parte hartzeak aurtengo aurrekontuetan. Horretarako jarri zen martxan Danon herrixe prozesua eta bilera haietan jasotako hainbat proposamen, ekarpen eta eskaera kontuan hartu dira 2013ko aurrekontuetan. Herritarrak udal kudeaketan parte aktiboa izatea oso garrantzitsua da Udalarentzat eta bide horretan beste urrats bat eman da aurten, eta aurrerantzean ere hala egingo da. Herritarrekin ez ezik, udalean ordezkaritza duten gainerako alderdien parte hartzea ere sustatu du Udalak eta horrek ere izan du isla 2013ko aurrekontuetan; adostasunetara iristeko saiakera handiak egin dira eta horri esker,
oposizioarekin hemendakin batzuk adostea lortu da.
Baina parte hartzeaz eta adostasunaz gain, kudeaketa eraginkorra eta lan handia daude aurrekontu hauen atzean. 2012a oso urte gogorra izan da, 2011. urtean 400.000ko gerakin negatiboa izan zuelako Udalak eta horri aurre egin behar izan diolako. Jarraipen zorrotza, gestio zuzena eta kudeaketa zurruna egin dira uneoro eta horri esker egoerari buelta ematea lortu du. Are gehiago, zenbaki negatiboak estaltzeaz gain, urtea 500.000 euro inguruko soberakinarekin amaitzea aurreikusten da.
Nola lortu da hori? Batetik, zerga eta tasetatik jasotzen diren diru sarrerak %100 baino gehiago burutu dira eta diru-laguntzak ere gauzatu dira.Horrez gain, Foru aldundiko likidazioak azkenean %3,7ko jaitsiera izan du eta ez %10ekoa, hasieran aurreikusi bezala. Eta are garrantzitsuagoa: Udalaren hainbat eta hainbat gestio, bilera eta lanen ondoren, oso gai korapilatsuak askatzea lortu da. Horri esker, besteak beste, Hiriberren diru laguntzak berreskuratu dira, UMPROko etxebizitzen bizigarritasun baimena eman da eta Ezenarroren obra baimena ere bai. Sarrera horiek abendu erdian gauzatu dira. Lan horren ondorioz, azken urteetako exekuzio maila hoberena izan dute Azkoitiko Udalaren 2012ko aurrekontuek. Horrek zer esan nahi du zehazki? Iazko aurrekontua oso erreala izan dela eta ia %100ean exekutatu dela. Ez da ia desbiaziorik egon.
Esfortzu, gestio, ahalegin eta lan handiaren ondorio izan dira 2013ko aurrekontuak, baina ahaleginak merezi duelakoan dago Udala eta bide horretan jarraitzeko asmoa du, lan eta kudeaketa egokiak emaitza onak ekartzen dituela erakusten duelako.