"Iaz herriko kultur astea antolatu genuen aurreneko aldiz, Azkoitiko kultur emaria herriratzeko, eta aurtengoan ere egitekoak ginen. Aniztasun kulturalaren astea herrian egingo zela jakin genuenean ez genuen zalan-tzarik izan; bi proiektuak uztartu eta parte hartzea erabaki genuen", hala adierazi du Maite Elias Xirikatzen kultur mahaiko kideak. Eta ordutik esku bete aritu dira lanean, ahalik eta egitarau zabal, anitz eta aberatsena presta-tzeko asmoz.
Aste kulturalaren helburua argia da: Izarraizpeko bailaran dagoen kultur aniztasuna ezagutarazi eta elkarren berri izatea; harremanak sendotu eta aberastasun kulturalaz gozatzea. Eskualdean bizi diren komunitate ezberdinetako kideek hartuko dute parte, batzuen eta besteen ohitura, adierazpen eta bizimoldeak elkartrukatu eta konpartitzeko. "Azkoitian eta Izarraizpe osoan jatorri eta kultura anitzeko herritarrak bizi gara, denon artean osatzen dugu herria eta denok gara aberastasun horren parte. Horrek izan behar du elkarbizitzaren funtsa, eta aniztasun kulturalaren aste honek horren adierazle izan nahi du", azaldu du Urrategi Alberdi Azkoitiko Udaleko Aniztasun Saileko zinegotziak.
Izan ere, munduko hainbat kulturen topagune da Izarraizpeko bailara, (euskal kultura, espainiarra, marokoarra, pakistandarra, mexikarra, argentinarra, senegaldarra, mauritaniarra...) baina aberastasun hori ez da ezaguna herritar askorentzat, eta horri buelta nahi zaio. Hiru herrietako pluraltasun kulturala kalera atera eta ezagutarazteko hainbat ekintza egingo dira: mahai inguruak, margo, eskultura eta argazki erakusketak, musika eta dantza emanaldiak, jaki ezberdinak prestatu eta dastatzeak... Beraz Urola bailaran elkarrekin bizi diren jatorri ezberdinetako ohitura eta adierazpen kulturalak ikusgai eta gozagai izango dira. Astean zehar ekimen ezberdin ugari egingo dira, eta larunbatean, hilaren 11n, festa nagusia egingo da herriko plazan, herrialde ezberdinetako jaki eta edarien dastatzea, kontzertu eta dantza emanaldiekin.
Kultura herriarena da eta herritarrek egiten dute. Horregatik da ezinbestekoa herritar guztien parte hartzea, eta horretara gonbidatzen zaituzte herritar guztiak IPAKAren antolatzaileek. Maiatzaren 6tik 12ra, kultura ezberdinak ezagutu, eurengandik aberastu eta gozatzeko aukera ezin hobea izango da. Sartu eta gozatu!