Berriak
Eskolako Agenda 21: ikasleek emandako lezioa
Herriko ikastetxeetako ikasleak udaletxean izan dira gaur, Eskolako Agenda 21 programaren barruan aurten egindako lana aurkeztu eta politikariei hainbat gauza eskatzen. Hondakinen gaia jorratu dute aurtengoan eta herritarrok eta herriak asko dugula egiteko erakutsi dute. Besteak beste, konpostagailuak erabili dituzte ikastetxeetan, plastikozko poltsen inguruan dagoen arazoa aztertu dute, materiala berrerabili dute eskulanetarako, baratze ekologiko bat ere jarri dute... Horrez gain, Azkoitiko egoera ere aztertu dute eta hainbat neurri hartzeko eskatu diote Udalari: kaleko zakarrontzi txikietan gaikako bilketa egiteko aukera emateko, errefusaren edukiontzia handi gutxiago eta edukiontzi marroi gehiago jartzeko, eta bilketa modu ezberdinak probatzeko eskatu diete. Azkoitian Eskolako Agenda 21 egiten hasi zirenetik 10 urte bete dira aurten, eta hori ospatzeko, maiatzaren 31an herriko plazan erakusketa bat jarriko dute, egindako lana herritarrei erakusteko.
Hemen dituzue ekitaldiko argazkia eta baita eskoletan egin duten lanaren inguruko eskuorria ere.