Azterketa eta lan asko egin ostean aurkeztutako kontuak direla azaldu du. "Izan ere, legeak kontuetan ahalik eta informazio osoena eta zehatzena jasotzea agintzen du, eta hori izan da gure helburua hain zuzen: Azkoitia Lantzenen benetako egoera zein den argi eta garbi jakin eta azaldu, arduraz jokatu ahal izateko, orain arte egin ez den bezala" . Hori dela eta, kontuak aurkezterako aurreko urteetako kontuak ere aztertu behar izan dira, eta zenbait huts egite bazeudela ere ikusi dira; horrela 2010eko kontuei ajuste batzuk egin beharra egon da. "Esan bezala, helburua argia izan da: ahalik eta informazio zehatz, zuzen eta osoena lortzea, Azkoitia Lantzenen benetako egoera zein den argitzeko".
Bestalde, kontuak egiterakoan, auditoriak hainbat ohartarazpen egin dizkio Udalari. Batetik, Azkoitia Lantzenen egoera zein den jakiteko patrimonioaren balorazio eguneratzea ezinbestekoa dela esan du. Izan ere, Azkoitia Lantzenen patrimonioa ez da eguneratu salerosketak egin zirenetik eta bertan agertzen ziren baloreak ez dira errealak, ezin ahaztu enpresa publikoak salerosketa asko eta asko egin zituela 2005-2009 bitartean, gehienak inongo baloraziorik gabe eta izugarrizko prezioak ordainduz edo aginduz, "tamalez errealitatek geroztik demostratu duen bezala". Hori dela eta, Azkoitia Lantzenen benetako egoera zein den jakiteko, patrimonioaren balioa eguneratzeko premia nabarmendu du auditoriak, tasazioak egiteko beharra.
Azkoitia Lantzenen egoera ez dela batere ona aurreikusi du auditoriak, eta bere etorkizuna bermatzeko bideragarritasun plan bat egitea ezinbestekotzat jo du.
"Guk, udal gobernu bezala, arduraz jokatuko dugula agintzen dugu, aurrekoek egin ez duten bezala, arazoak ezkutuan gordetzea eta arazoei aurre ez egitea arduragabeki jokatzea baita", azaldu du Bastarrikak. Hori dela eta, hainbat neurri hartzea proposatuko dute gaurko batzarrean: lehenik eta behin, Azkoitia Lantzenen benetako egoera zein den argitzeko eta ezagutzeko Foru Aldundiari Azkoitia Lantzenen patrimonioa baloratzeko eskatuko diote bestetik, enpresaren bideragarritasun plan bat egitea aginduko dute.
EAJk kontu honetan izan duen jarrera "arduragabea" ere salatu dute udal gobernuko kideek."Haiek, euren jokabidearekin sortutako egoera ekonomiko larriaren aurrean, beren burua salbatu nahian gezurretan ari dira. Azkoitia Lantzenen egoera ona dela esateak , euren kudeaketa goraipatzeak eta benetako egoera ezkutatu nahi izateak, arduragabekeri izugarria da, eta helburu bikoitza du Azkoitiko herria engainatzen jarraitu nahi dute, eta bera ardura saihestu nahi dute. Jakin, oso ondo badakite Azkoitia Lantzenen egoera ez dela batere ona, kontuek adierazten duten moduan". Azkoitia Lantzenen egungo "egoera larrian" EAJk bere garaian egindako gestioak zerikusi zuzena izan duela gehitu dute, gainera, "lurren salerosketak egiterakoan konpromiso ugari hartu zituzten (urbanizazioak, argindar horniduraren azpiegitura aldaketak...), baina konpromiso horiek ezin izan dituzte bete eta horiek egiteko eta ordaintzeko daude oraindik".Horregatik, arduraz jokatzeko eskatu diote EAJri:" Errealitatea ezkutatzeari utzi eta Azkoitia Lantzeni behingoz irtenbide egoki bat emateko lanean hasteko exijitzen diogu".