Udalak urtero zabalduko du elurra kentzen lan egin nahi dutenek izena emateko deialdia eta interesa duten baserritarrek apuntatzeko aukera izango dute. Hori bai, hainbat baldintza bete beharko dira; interesatuek traktorea eduki edo izateko «ahalmena» izan behar dute, eta makinaria horrek udalak utziko dion palarekin bateragarria izan behar du. Udalak erantzukizun zibiliari eta istripuei dagokien asegurua jarriko die eta ibilgailuaren asegurua baserritarrak berak izan beharko du.
Izena emandakoekin zerrenda osatuko du udalak, eta bailaraka sailkatuko dituzte. Kideak aukeratzerakoan hainbat irizpide hartuko dituzte kontutan; hala nola, lanaren ezagutza, auzokoa izatea eta baliabideak «egoki» izatea.
Udalak lan orduko 50 euro ordainduko dizkio langile horri, horretarako, baserritarrak zehaztuko ditu hasiera eta amaiera orduak eta kokapena. Arau hausteak ere arautu ditu udalak; hala, auzolanetara ez agertzeagatik 100 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta «betebeharrak ez betetzeagatik» 30 eta 500 euro artean ordainduko dute.
Sistema berria, halere, ez da aurtengo neguan martxan jarriko, ordenantza astelehenean onartu zelako eta negu honetarako deialdia egiteko astirik ez duelako ematen. Aurtengoa baserri auzoetako ordezkariekin hitz egin ostean antolatu dute eta zazpi lagun batu dira egitasmora; hala, Aitzarra baserrikoek Elosua ingurua garbituko dute; Aizpurutxo inguruko elurra, berriz, Aittube baserrikoek kenduko dute, eta Attola tabernakoek Madariaga; Zabalekoek Madariaga beheko ingurua, Azkarate eta Urrategi eta Olasoren ardura izango dute; Izarraitzen zati bat, berriz, Aginaga baserriaren kargu egongo da, eta Urrategi auzoa Kortatxo baserrikoena. Kukuerri eta Martiteko auzoetako inor ez da batu egitasmora, eta ondorioz, Agerre baserrikoak izango du honen ardura, Santa Kutz auzokoaz gain.
Elurra egiten duenean, egunean behin garbituko dituzte errepideak, eta gehienez bost orduz arituko dira.