Udalaren arabera, "Indarkeria matxistak bere horretan dirau, intentsitate eta adierazpen gradu eta mota ezberdinetan bada ere. Emakumeen aurkako indarkeria, fisikoa, sexuala edo psikologikoaz gain, ekonomikoa eta soziala ere bada. Oinarrian berdintasun ezak sortutako egiturazko arazo baten aurrean gaude. Izan ere, indarkeria matxistaren jatorria emakumeen menpekotasuna eta diskriminazioa betikotzen duen botere-harremanean dago. Horregatik emakumeok bigarren mailako herritar izatetik geure eskubideen jabe izatera pasatu behar dugu indarkeria matxistarekin amaitu ahal izateko",
2012a hasi zenetik 5 emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta ehundaka dira egunero gertatzen diren erasoak. "Horren aurrean instituzioek ezin dugu beste aldera begiratu, eta ahalegin guztia egin behar dugu beharrezkoak diren bitartekoak martxan jarri eta arazo hau amaitzeko", azaldu du Lizarraldek.
Bide horretan, Udalak hainbat neurri hartu ditu eta prebentzioan, sentsibilizaizoa eta arreta zerbitzuen kalitatean.
- Hala, hezkidetza eta sexu heziketa proiektuekin ikastetxe eta gazteekin lanean ari gara.
"Gazteekin lan egin eta indarkeria matxista prebenitzeko ahalegina egin behar dugu, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko".
- Horrekin batera, Azkoitiko udalak indarkeriari aurre egin behar dieten emakumeei eman beharreko arreta zerbitzuak hobetzeko protokolo bat lantzen ari da.
Indarkeria matxistari aurre egiteko,ezinbestekoa da indarkeria egoerari aurre egin behar dieten emakumeei babesa eta arreta eskaintzeko neurriak eta baliabideak antolatzea.
Arreta zerbitzu horien azterketa egin da 1. fase batean eta orain baliabide horiek hobetu eta sendotzeko estrategiak definituko dira protokolo batean.
Protokokoarekin arreta zerbitzuen ardurak eta betebeharrak identifikatuko dira eta guztien arteko koordinazioa modu formalean definitu.
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako protokoloa koordinazio erreminta bat da: egun herrian erasotutako emakumeei arreta eskaintzen dieten zerbitzu ezberdinen arteko elkarlana hobeto koordinatzeko erreminta bat.
Baina hori baino gehiago ere izan nahi du protokolo honek: Azkoitian eta azkoitiarren artean indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa ere bultzatu nahi dugu, gai honen inguruan hitz egin eta kontzientziatzea.
Protokoloa lantzeko prozesuan inplikatutako talde, pertsona eta eragile guztien parte-hartzea eta hausnarketa bilatu da. Bestalde behin dokumentua idatzi eta gero parte hartu duten guztiei aurkeztuko zaie; elkarlanerako eta jarraipenerako mekanismoak jarriko dira eta herritar guztiek eta bereziki indarkeriari aurre egin behar dieten emakumeek zerbitzu hauen ezagutza argia izateko komunikazio kanpaina bat diseinatuko da.
Bukatzeko, prozesuaren balorazioa egingo da eta indarkeriari aurre egiteko ekintza plan bat zehaztuko da.
Baina erakundeek adierazpenez haratago lan integrala bultzatu behar dutelakoan dago Udala eta herritarren inplikazioa ere bilatu behar dela, "indarkeria matxistaren arazoari denon artean aurre egiteko". Horregatik herritarrak konpromisoa hartu eta berdintasunaren alde eta edozein indarkeria edo diskriminazio sexistari aurre egiteko eskatu die Lizarraldek eta azaroaren 25aren inguruan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu. Honako ekimenak egingo dira datozen egunetan:
Azaroaren 23an, 16:30ean, gazteei zuzendutako tailerrak egingo ditugu Elkargunean: autodefentsa feminista ikastaroa emakumeentzat eta maskulinitateari buruzkoa gizonezkoentzat.
Azaroaren 25ean bertan, berriz, kontzentrazioa egingo da emakumeenganako indarkeriaren kontra, Emakume Mahaiak antolatuta. 13:30ean izango da plazan. Lizarraldek adierazi du "bereziki" bat egiten dugula emakume mahaiaren deialdi honekin. "Izan ere emakumeen mugimenduak bultzatutako hausnarketa eta salaketa lanak mugi arazi gaitu (erakundeok) eta beraiei zor diogu eredu sozial parekide baten alde bat egitea eta lanean jartzea".
Azaroaren 26an, azkenik, indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa gunea eta ekimenak egingo dira, kale hezitzaileek dinamizatuta, arratsaldean.
Aurtengo ekimenak bereziki gazteei zuzenduta daude, gazteak indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatu eta hura prebenitzeko moduak lantzea nahi baitu Udalak.