Hain justu, Serbitzuko zuzendari Jokin Aldalurrek ere azaldu ditu euren planaren nondik norakoak gaurko agerraldian: dagoeneko diagnostikoa eginda dute eta udazkenean euskara batzordea eratu zuten. Orain dokumentazioa eta lanerako erremintak euskaratzen ari dira. "Lanaren bigarren fasean sartu gara eta horretan segituko dugu, euskara enpresan guztiz txertatu arte".
Azkoitiko Udalak enpresetan euskararen erabilera handitzeko asmoz sustatzen ditu Euskara planak: "Momentuan hezkuntza eta lan munduaren artean dagoen etena gutxitzen joateko eta hezkuntzan egin den inbertsioa alperrik ez izateko egiten dugu, ez delako logikoa euskaraz ikasitako gazteek lana gazteleraz egitea Azkoiti bezalako herri euskaldunean". Hala azaldu du Pello Bastarrika alkateak. Azken 3 urteetan Udalak EMUNen laguntzarekin 10 langiletik gora dituzten 15 bat lantegi bisitatu ditu euskara plana azaltzeko. Bisita horietan Udalak argi adierazi du plana martxan jartzen duen enpresari urtero gehienez 2.000,00 euroko laguntza eskainiko diola, Udalak uste du euskara planak emaitzak emateko derrigorrezkoa dela enpresaren inplikazioa eta hori lortzeko bidea dela enpresak ere plana pagatzea. Gainera, euskara planetarako Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak ere laguntzak eskaintzen dituzte. Beraz, enpresak euskara plana finantzatzeko 3 zutabe ditu. Berak jarriko duena, Udalak emango dion laguntza eta Jaurlaritza eta Diputaziotik lortu dezakeena
Alkateak eskerrak eman dizkie Biharko eta Serbitzuko ordezkariei euskararen alde apustu egiteagatik eta eskualdeko gainerako enpresak ere horretara animatu ditu.