Hemen 2012ko hondakinen kudeaketa datu nagusiak eta horren horien inguruan mankomunitateak egindako balantzea:
1. 13.323.767,01kg hondakin sortu ditugu eskualdean 2012. urtean.
2. Lapatxen gertutasuna kontuan harturik, oraindik, gaur, eta zabortegiek sortzen dituzten arazoen eta ongizatean sortzen duen kaltearen jakitun, 9.000 tona hondakin botatzen jarraitzen dugu eskualdean, bereizi gabe.
3. Alde handia dago, izugarria, errefusako edukiontziak jasotzen duenaren eta gainerako edukietan sailkatuta jasotzen denaren artean. Puskaz, kilo kopururik handiena edukiontzi grisetik jasotzen jarraitzen da. Horrek dituen ondorio ekonomiko eta ekologikoekin.
4. Hondakin organikoaren bilketan igoera egon da. Batez ere, igoera hau, autokonpostatzearen ohituraren zabalkundeari dagokio. Herrietako 5. edukiontzietako bilketan saiakera eginagatik ere, aldaketa eta igoera, batez ere, hainbat herri eta auzotan ezarri den auto eta auzokonposten igoerari dagokio batez ere, eta herritar eta auzo horien lana eta jarduna eskertu nahi dugu hemendik.
5. Errefusaren kopuru batzuk harrigarriak dira gaur gaurkoz: Azpeitian eta Zestoan, adibidez, hurrenez hurren, 306 eta 311 kilo errefusa bildu ditu mankomunitateak urteko eta biztanleko. Alegia, biztanle bakoitzak, 300 kilo errefusatik gora sortu dituela herri horietan (eskualdeko guztizko batazbestekoa 286 da). Iruditzen zaigu, hondakinen hierarkiaren baitan, hondakinen prebentzioari ematen zaiola lehentasuna, eta zentzu horretan urratsak eman beharrean gara. Dena dela, errefusaren joera beheranzkoa da: dela krisi ekonomikoarengatik, dela sentsibilizazio kanpainengatik...
6. Aldagai hauek guztiak kontuan hartuta, Urola Erdiko bilketa selektibo tasa, gaur gaurkoz %33koa da. 2011ko datuekin alderatuta, %2,5 egin da gora eskualdean bilketa selektibo tasan.
7. Honen koste ekonomikoa: beti esan izan dugu, birziklatzea ekonomikoagoa dela, kalte ekologikoak ekiditeaz gainera, kontzientzia zibikoan garatzea ere badakarrelako, baina gure poltsikoentzat ere merkeagoa delako. 2012. urtean, errefusaren tratamenduagatik, 119,19 euro ordaindu ditugu tonako. Alegia, guztira, eskualdean, gure zabortegian utzi eta tratamendu egokia emateagatik: milioi bat euro baino gehiago. Hondakin organikoaren tratamenduak, bere aldetik, tonako 65,57 euroko kostua du. Eta guztira, beraz, 26.650 euro ordaindu ditugu. Aldea badagoela uste dugu, eta bide honetan urrats eraginkorrak emateak guztioi egingo digula on, ekologikoki eta ekonomikoki. Gastua, krisi garaiotan, izugarria delako.
Aipatu bezala, Urola Erdiko mankomunitateak hurrengo erronka, eta nagusiena, ahalik eta hondakinik gutxien sortzean du. Eta horretara bideratuko ditu 2013. urtean bere lanak.