Astelehenetan bilduko da Auzoko lagun taldea, 18:00etatik 20:00etara, Elkargunean eta aurreneko bilera martxoaren 4an izango da. Bertaratu eta parte hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak herritarrak, elkar ezagutu, elkarren berri izan eta gure herriaren kultura aniztasunaz gozatzeko modu paregabea izango delako. Parte hartu nahi dutenek hitzordu horretara agertzea nahikoa dute, baina aurretik izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek honako telefono eta helbideetara jo dezakete: Aniztasun sailera deituta (943 080 080) edo aitor@azkoitia.net edo aldalur80@gmail.com helbideetara idatzita.
Auzoko programa Topaguneak eta UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) sortutako programa bat da. 2008-2009 artean sortu zuten, honako helburuekin: euskaratik urrun bizi diren herritarrak gure hizkuntzara gerturatzea, jatorri ezberdinetako herritarren arteko elkar ezagutza bultzatzea, eta Euskal Herriko hizkuntza aniztasunaz jabetzea. Guzti hori lagun taldeen dinamika bat erabiliz. Iaz, 2012an, Azkoitiko Aniztasun Kontseiluak egindako bileretan, herrian horrelako egitasmoren bat behar zela ikusi zuten. Aukera ezberdinak aztertzen aritu ostean, Auzoko programa honen berri izan eta berarekin bat egitea erabaki zuen Udalak. "Gure legegintzaldia hasi zenena argi esan genuen aniztasuna eta euskara lehentasun direla guretzat, eta programa hau helburu horien bidean beste pauso bat da", azaldu du Urrategi Alberdi Aniztasun zinegotziak.
Maxixatzen Azkoitiko euskara elkarteak ere bat egiten du programa horrekin, Topaguneko kide izaki, bere helburu eta asmoekin bat egiten duelako. Hala azaldu du Aitor Arruti Maxixatzeneko kideak.