Bernando Ezenarro enpresak Azkoitira etortzeko asmoa orain urte batzuk erakutsi zuen, baina asmo hori egi bihurtzeko bidea espero baino gehiago luzatu da, tartean sortu diren hainbat oztoporen ondorioz. "Guk argi izan dugu hasieratik enpresa hori gurera etortzea oso garrantzitsua zela, eta hori lortzeko ahalegin osoa egin dugu; gestio eta bilera ugari egin ditugu enpresako arduradunekin, eta azkenean, iragan astean eman genuen hori egiteko azkeneko pausoa; enpresa eraikitzen hasteko baimena abenduaren 26an eman genuen Gobernu Batzordean. Aurretik zimentatze, egitura eta itxitura baimenak emanda genituen, eta ondorioz, enpresa eraikitzen hasteko prest dago guztia", azaldu du Bastarrikak.
Eta datorren astean bertan hasiko dira lan horiek. Astelehenean bertan (urtarrilak 7) zimentatze lanak hasiko dituzte, eta enpresako arduradunen arabaera, 2013 honen amaierarako lanak amaitu eta enpresa bertara trasladatzea aurreikusi dute.
Azkoitiarentzat albiste ona dela iruditzenzaio Udalari. Izan ere, garrantzi handiko enpresa da Bernardo Ecenarro, eta herrira onurak ekarriko dituelakoan dago. Pintura eta barniz industriala egiten ditu enpresa horrek, eta egun 63 langile ditu. Fakturazio handiko enpresa bat da, eta fakturazioaren %45 inguru esportatu egiten du, gehiena Europara.
Eta horrekin batera, Santa Klara kaleko 44, 46, 48 eta 50 zenbakietako etxe berrietan zegoen korapiloa askatzea ere lortu du Udalak. Etxebizitza berri horiek amaituta daude baina urbanizazio lanak amaitzeke zeuden eta promotoreak abala eta diru kopuru bat Udalean aurkezteke zituzten. Eta horiek egin ezean Udalak ezin zuen bizigarritasun baimenik eman. Baina kudeaketa hori urtea amaitzerako amaitu ez balitz, etxejabeek 2013ko BEZa ordaindu beharko lukete eta horrek aparteko gastua ekarriko liekete. Gogoratu 2012tik 2013ra etxebizitzen gaineko BEZa %4tik 10era igo dela. "Etxejabe horien egoeraz jabetuta, promotorearekin hitz egin eta korapiloa askatzea lortu dugu, eta horri esker, herritar horiek BEZaren igoeraren diru hori ez dute ordaindu beharko", azaldu du Bastarrikak.
"Azkoitiko sozioekonomiaren egoera hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartuta daukagu eta horretan ari gara. Azkoitia eta azkoitiarren mesederako delako. Kudeaketa egokiak bere fruituak ematen dituela sinesten dugu eta hemendik aurrera ere bide horretan lanean jarraituko dugula esan nahi diegu herritarrei", gaineratu du alkateak.