Honakoak dira aukeratutako proiektuak:
1. Ekobailara garatzeko sei lanpostu sortzea:
Enplegu plana garatzeko egin diren bilera, hausnarketa eta ikerketek argi erakutsi dute ekoteknologia, ekonomia berde eta jasangarritasunaren arloak aukera ugari eskaintzen dituela. Bide horretatik, Urola Erdia ‘Ekobailara' gisa garatzeko proposamen bat jaso da eta horren aldeko apustua egin dute udalek.
‘Ekobailara' horren helburuak jasangarritasunean oinarritutako garapen ekonomikoa sustatzea, ingurumena hobetuko luketen produktu eta zerbitzuak garatzea, bertako nekazaritza eta produktuen aldeko apustua eta herritarren kontzientziazioa izango dira.
Proiektu hori gauzatzeko sei lanpostu beharrezkoak direla eta, kontratazio hori egiteko erabiliko da diru-laguntza. Sei langile horiek, aipatutako helburuak lortzeko, besteak beste, baserritarren produktuen komertzializazioa, herritarren kontzientziazioa edo ekoteknologiak eskaini ditzazkeen jarduera berrien azterketa ekintzak sustatuko dituzte.
2. Langileen berkualifikaziorako ikastaro espezializatuak.
Enplegu planaren garapenean argi gelditu da bailarako langileriak orokorrean formazio baxua duela eta egungo lan merkatura egokitzeko berriz formatzea ezinbestekoa izango dela. Aurreikuspenen arabera, etorkizunean honako alorrek dute aukera gehien lan merkatuan: gizartearen zahartzea eta hirugarren adinekoen ongizatea; konektibitatea, informazio eta komunikazio teknologiak eta mundu digitala; kudeaketa komertziala eta internazionalizazioa; eta fabrikazio aurreratua eta bioteknologia.
3. Hori horrela izanda, alor horietan espezializatzeko formazioa eta ikastaroak emango dira langabezian edo erregulazio espedientepean dauden langileentzat.
Bailarako sei udalerritako alkateak sozioekonomia kontuetan elkarlanean aritu diren aurreneko aldia da eta horrek bide berriak irekiko dituelakoan daude alkateak. Baina bailarako egoera hobetzeko gainerako instituzioen laguntza ezinbestekoa dela uste dute eta hala egitea eskatu dute. "Argi dago hezkuntza eta formazioa dela krisia gainditzeko gakoetako bat. Baina horretan, adibidez, udalok ez dugu eskumenik eta Jaurlaritzatik egin behar dute ahalegina". Enplegu planarena pausu bat dela adierazi dute, baina bide horretan elkarlanean ahaleginetan segitzeko konpromisoa hartu ere bai.