Berriak
San Jose egoitza eta eguneko zentroan hobekuntzak egin ditu Udalak
Azkoitiko adinekoek ahalik eta bizi kalitate hoberena izatea nahi du Udalak. Horregatik, eta hori bermatzeko, San Jose Egoitzaren eta eguneko zentroaren azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko hainbat lan egin berri ditu, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten herritarren mesederako. Hala, 50 ohe berri jarri dira, egoiliarren beharretara hobeto egokitzeko. Ohe horiek psikogeriatria sailean eta egoitzaren gune zaharrean jarri dira, bertako erabiltzaileek baitzuten premia gehien. Horrez gain, dagoeneko hasi dira logeletako gau mahaiak aldatzen, eta urtea amaitzerako guztiak aldatzea espero da. Ohe estalkiak eta gortinak ere aldatuko dira. Bestalde, gizarte laguntzaileentzat bulego bat ere jarri da, euren zerbitzua hobeto eskaintzeko, eta hainbat gunetan zorua berritu da.