Esleipendunek XVII mendeko mudejar estiloko jauregian Babes Ofizialeko Etxebizitza izango dute. Etxea hondamendian eta aldamiopean egotetik 2009tik, erabilera sozial bat izatera igaroko da bere balio arkitektonikoa mantenduz. Arkitektoen helburua, hain justu, da eraikinaren egiazkotasun historikoari eustea esku-hartzea minimizatuz eta egurra erabiliz zaharberritzeko material nagusi gisa.
Aurkeztutako proiektuan argi ikusten da etxebizitzen barrukaldea eta espazioen antolamendua nolakoa izango den. Baita barruko patioa edota fatxada nagusiak ere.
1481. urterako etxea existitzen zen. Bere historian zehar eraikuntza fase ezberdinak jasan izan ditu, hondamendi egoeran deklaratu eta aldamioak jarri arte. Etxejabe guztiekin etxearen lagatze akordioa adostu ostean, Udalak eraikinaren jabetza %100ean 2017an lortu zuen. Ordurako, bazuen Visesaren konpromisoa babestutako etxeak egiteko. Aurtengo otsailean eraikina hustutzen hasi ziren eta maiatzean Udalak Visesaren esku utzi zuen etxea hitzarmen bidez, BOEak eraiki ditzan.
Momentu honetan, jada lanen exekuzio proiektua lantzen ari dira arkitektoak. Visesakin hitzartutakoaren arabera, obrak esleituta egongo dira 2019ko uztailerako. Lanen iraupena 26 hilabetekoa da.