Markel Olanok gogorarazi du 2011n asmo handiko proiektu bat idatzi zela, ekonomikoki bideraezina zena (170 milioi), eta ingurumen inpaktu handia zuena. «Legealdi honetan, egungo beharretara eta egoerara hobeto moldatzen den irtenbide bat planteatu dugu», azaldu du. Proiektu berri honen aurrekontua 45,5 milioi eurokoa da, eta, bai arrazoi ekonomikoengatik, bai obra errepidea erabat itxi gabe egin ahal izateagatik, hainbat fasetan egingo da. Lehentasun handieneko eremutik hasiko da, Aizpurutxoko zeharbidetik alegia.
Diputatu nagusiak gogorarazi du Urola bailarako herriek «historikoki eskatu» duten obra bat dela. «Legealdi honetan ahalegin handia egiten ari gara lurraldeko bide azpiegiturak sendotzeko, errepide sare moderno bat izateko, lehiakorra, erosoa eta segurua, mugikortasunak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko aukera emango diguna», esan du. GI-631 errepidea berritzeko lanekin, Aldundiak «herritarrek behin eta berriz eskatu duten premia bati» erantzuten dio, baina, gainera, inguru horretako industriaren «lehiakortasuna» sustatzen da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak errepidearen egungo trazatua hobetzeko azterlana egin du, eta 3 bide-zatitan aurreratzeko lerroak aurreikusi dira bi noranzkotan. Bide.zati horietan trazatua hobetuko da, bihurguneetako radioak zabalduz eta ikuspena hobetuz. Gainera, 8 bihurgune hobetuko dira, eta laugarren bide-zati bat ere, Urretxurako sarreran. Azken bide-zati horretan, trazatua hobetuko da, baina ez da aurreratzeko lerrorik egingo.
«Jarduketa horien helburua ez da abiadura areagotzea, segurtasunez aurreratu ahal izateko 3 eremu edukitzea baizik. Kontuan hartu behar da errepide horren eguneko batezbesteko intentsitatea 3.300 ibilgailukoa dela, eta % 10 astunak direla; horregatik, oso ohikoak dira aurreratzeko maniobrak. Proiektuan planteatutako hobekuntzekin, maniobra horiek segurtasun handiagoarekin egin ahal izango dira, horretarako jarriko den hirugarren lerroa erabilita», azaldu du diputatu nagusiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen azterlanaren ondorioak kontuan hartuta, eraikuntza proiektua idatzi da. Bertan, lehentasuna ematen zaio T2 bide-zatiari, Azkoitia-Urretxu ibilbidearen erdialdea eta Aizpurutxoko zeharbidea hartzen baititu.
Aizpurutxoko zeharbidean, aurreikusitako jarduketen xede nagusia da bereiztea oinezkoentzako eremua ibilgailuetatik; horretarako, 2 metroko zabalera duen espaloi bat egingo da, eta 26 metroko luzera izango duen egurrezko igarobide bat eraikiko da, oinezkoentzako, zeina ibaia gurutzatu ondoren lehendik dagoen zubiarekin lotuko baita.
«Oinezkoentzako espaloia egin ahal izateko, errepidea mendirantz mugitu behar da hasierako zatian. Horretarako, harri-lubetazko horma egingo da. Ondoren, bide-zati bikoitz bat dago. Bertan baserri bat dagoenez, errepidea ezin da mugitu, eta, horregatik, erabaki da ibaia oinezkoentzako igarobide bat erabiliz gurutzatzea», azaldu du Aintzane Oiarbidek. Oinezkoen pasabide bat ere jarriko da. «Zeharbidean, abiadura muga 50 km/h izango da, eta informazio radarrak jarriko dira auzorako bi sarreretan», erantsi du Bide Azpiegituretako diputatuak.
2019ko urtarrilean Aizpurutxoko zeharbideko obrak izapidetzeari ekingo zaio, jendaurreko informazio prozesuarekin. Proiektu honetan 350.000 euro inbertituko dira, eta lau hilabeteko epean gauzatuko da. Hurrengo urte bukaerarako amaituta egotea aurreikusten da, eta GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean hobetzeko proiektuaren barruan egingo den lehengo jarduketa izango da. Urtarrilean hasiko da, baita ere, T2 proiektuaren tramitazioa informazio publikoarekin. Proiektu honen aurrekontua 10 milioi eurokoa izango da.
«Errepide hau hobetzeko eskaera aspaldikoa da. Legealdi hasieran gure proiektu estrategikoen artean sartu genuen obra hau, Urola Erdiko biztanleei zor diegulako. Eta emandako hitza beteko dugu, legealdia amaitu aurretik hasiak izango baitira GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean hobetzeko obrak», esan du amaitzeko Markel Olanok.