Javier Zubizarreta alkateak horrela esan die: “Kirolariok zuetako bakoitzaren klubari, kirolari eta zeuon buruari egiten diozuen ekarpenaz gain, gizarteari eskaintzen eta ematen diozuena asko da. Aitorpen hori guztioi zor dizuegu, gizarte hobeago bat eraikitzen laguntzen duzuelako. Herri bizi eta hobeago bat. Sakrifizioaren eta esfortzuaren, exijentziaren eta talentuaren, eredu zarete. Baloreen eredu”.
Kirolariekin batera, kirol munduaren bueltan dabiltzan teknikarien, entrenatzaileen, zuzendarien, gurasoen eta bolondresen lana ere nabarmendu nahi izan du alkateak. ”Meritua duzue kirolari eta kirolariei dedikatzen dizkiozuen orduengatik. Badakit eskuak, burua eta bihotza jartzen dituzuela ahalegin horretan”.
Hauetxek izan dira modalitate bakoitzean kirolari onenaren saria jaso dutenak:
Esku-pilota: Eneritz Arrieta
Futbola: Markel Eskurtza
Karate: Iosu Conde
Xakea: Anibal Fernandez
Atletismoa: Joseba Diaz
Igeriketa: Nerea Dominguez
Triatloia: Aitor Beneitez
Ehiza: Axel Hidalgo
Arrantza: Jokin Sudupe
Txirrindularitza: Iker Zelaia
Tenisa: Manex Rezabal
Boloak: Gorka Etxaniz
Sasi-baloia: Ander Azkue
Gimnasia erritmikoa: A mailako senior taldea. Ainhize Azpiazu, Piuquen Suarez, Garazi Urdalleta, Maria Santizo, Oihane Urain eta Leire Elorza.
Herri kirolak: Ion Unanue-Goenatxo III.ena
Antton Oñederra gogoan
Peña Elorza txirrindulari elkarteko arduraduna zen Antton Oñederra apirilean joan zen gure artetik. Eta gaur Azkoitiko kirolariek gogoan izan dute. Familiari oroigarri eta lore sorta bat eman dizkie haren memorian Andonio Sudupek eta aurteko Kirolari Onenaren saridunak, Joseba Diazek.