Inbertsioen baitan sartu da, halaber, skatea, parkourra eta kalistenia praktikatzeko parkea eta baita tenisko pisten estaltzea ere. Baserri bideak konpontzen jarraitzea eta kaleak hobeto argiztatzeko LED argiak ipintzea dira aurreikusitako beste jarduera batzuk.
Ekonomiaren eta enpleguaren sustapena ere lehentasuna da eta Iraurgi Berritzenen eskutik garatuko da, legealdi honetan hasitako lanari jarraipena emanez. Izan ere, espresuki emakumezkoei zuzenduriko Bidelan bezalako programak martxan jartzeaz gain, bailarako lan eskaintzak bateratzen dituen www.urolanprest.eus webgunea jarri da martxan eta langabetuen profil zehatzen erradiografia egitea lortu da, enplegu eta orientazio zerbitzuen eta enpresen arteko interakzioa indartuz. Gaur egungo eszenatokian langabezia egiturazkoa da.
Sail bakoitzaren aurrekontuaren harira, kulturan, esaterako, musika eta antzerki emanaldietarako 26.800 euro gehiago jarri dira eta gazteria 30.400 eurotan igo da. Ongizaten gizarteratzeko, larrialdi sozialetarako eta berdintasunerako partidak igo egin dira. Kirolak, festak, hezkuntza eta euskara ia berdin mantenduko dira.
2019ko aurrekontua aurtengoa baino altuagoa da, 1.300.000 euro gehiago izango ditu eta horrek inbertsio bolumena areagotzea ahalbidetuko du.
Udal aurrekontuaren igoerak hainbat arrazoi ditu. Batetik, Udal Finantziaziorako Foru Fondoaren ekarpena aurreikusitakoa baino handiagoa da, bestetik Urola Erdiko Mankomunitatearen gerakina dugu eta azkenik, Udalak eta Gipuzkoako Urakek zuten hitzarmena amaitu egin da eta akordioa beste hamar urtetarako berritzearen ondorioz, Gipuzkoako Uraki beste inbertsio batzuekin batera, Udalari diru kantitate bat ordaintzea dagokio. Horregatik da aurrekontua aurreko urteetakoa baino altuagoa. Edonola ere, aurreikuspenarekin eta zuhurtziarekin landu dira, besteak beste, 2019an hauteskundeak egingo direlako eta kontuak kudeatzea tokatuko zaionari, onbideratuta utzi nahi zaizkiolako.
Bozketak
Atzoko udal osoko bilkuran udalaren aurrekontua EAJ/PNVren aldeko botoekin onartu zen. EH Bilduko eta Azkoitia Bai-ko ordezkariek aurka bozkatu zuten eta PSE-EEkoa abstenitu egin zen. Aurrekontu kontsolidatuan bozketa berdin joan zen.
Zubiaurre Elkargunearen eta San Jose Egoitzaren kasuan aho batez onartu ziren aurrekontuak eta Azkoitia Lantzeni dagokionez, EAJ/PNVk alde bozkatu zuen, EH Bilduk eta Azkoitia Baik kontra, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
Emendakinak
Azkoitia Bai-k eta EH Bilduk emendakinak aurkeztu zituzten atzoko udal osoko bilkuran. Azkoitia Bai-k bederatzi emendakin mahaigaineratu zituen eta EH Bilduk osotasun emendakina. Ez ziren aurrera atera.
Azkoitia Bai-k aurkeztutako proposamenek Azkoitia Bai-ren aldeko bozka jaso zuten. EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren bederatzi kasuetan eta EAJ/PNVk aurkako botoa eman zuen.
EH Bilduren emendakinak, berriz, EH BIlduren eta Azkoitia Bairen aldeko botoa jaso zuen, PSE-EEren abstentzioa eta EAJ/PNVren kontrako botoa.
Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak eskatutako aldaketa bakoitzaren aurrean aurkako botoa emateko arrazoiak argudiatu zituen. Behin eta berriz azaldu zuen aurrekontuak kontu handiz landu dituztela eta 2019ko maiatzetik aurrera osatuko den gobernu berria konprometitu gabe. “Nahi izan dugu aurrekontu hauetan guk maiatza bitartean egin dezakeguna islatzea, zeren ez dakigu hauteskundeak eta gero, gobernuan jarraituko dugun edo ez. Eta datorrenari tokatuko zaio erabakiak hartzen jarraitzea”.
Udalaren aurrekontu orokorra: : 15.400.000 euro
Aurrekontu kontsolidatua: 15.673.327 euro
Zubiaurre Elkargunea: 835.396, 44 euro
San Jose egoitza: 68.300 euro
Azkoitia Lantzen: 199.827 euro
Udalaren aurrekontua | 2018 | 2019 |
Ogasuna eta pertsonala | 5.638.375,99 | 5.908.542,19 |
Hirigintza | 516.500 | 1.294.960,55 |
Kirolak eta festak | 1.037.773,76 | 1.048.596,44 |
Kultura eta gazteria | 1.018.100 | 1.097.100 |
Hezkuntza eta euskara | 559.255 | 560.255 |
Gizarte ongizatea, berdintasuna, inmigrazioa | 1.200.500 | 1.201.800 |
Alkatetza | 45.000 | 42.000 |
Lan eta zerbitzuak | 2.110.000 | 2.063.000 |
Udaltzaingoa | 38.700 | 77.000 |
Ingurumena | 1.572.000 | 1.756.250,15 |
Sustapen ekonomikoa | 363.795,25 | 350.495,67 |