Izarrak suaren gaueko festa zirela esaten zuela Bitoriano Gandiaga poeta handiak adierazi du Gontzal Mendibilek eta berak ere gaueko sinbologiari heldu nahi izan diola, gabon kantu gehienek izan ohi duten kutsu erlijiosotik aldenduz. Izarrak, magia, musika eta abentura uztartzen ditu ikuskizunak.
Euskarazko musikal bat sortzeko gogoak eraman du Gontzal Mendibil Arriaga Antzokian estreinatu berri den Gau Magikoa ikuskizuna sortzera. Gipuzkoan, Donostian eta Azkoitian bakarrik eskainiko dute emanaldia, espresuki Gabonetarako egina baita. Hala ere, badu etorkizuna eta sortzailearen hitzetan, klasiko bat bihurtzeko osagai guztiak ditu.
Gontzal Mendibilek gidoia eta musika egiteaz gain, zuzendaritzaz ere bera arduratu da. Easo Txiki Abesbatzako neska-mutilek hartzen dute parte, taldearen zuzendaria den Gorka Mirandarekin batera. “Hasieran pentsatu nuen ikastolaz ikastola joan eta casting-a egitea ume abeslariak aukeratzeko” baina azkenean abesbatzako umeei eman zien aukera. Ikuskizunean hain ezaguna den Txan Magoak ere hartzen du parte.
Talde artistiko zabala osatu du Gontzal Mendibilek kalitatezkoa, euskaraz sortua eta erakargarria den ikuskizuna taularatu ahal izateko. Hiru dimentsioetan eszenaratzen da. Dioenez, bereziki 5 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendua dago abestiez eta musikaz gain, istorio bat duelako atzean. “Auñamendi –dio- magalean dagoen Aran herriko eskolan hasten da istorioa. Amets baten bila doaz Kai eta Koa, eta Mai eta eskolako haurrekin, giltza eta liburu magikoarekin, izartegia lagun dutela ametsa egi bihurtuko zaie”.
“Umeak eta helduak hunkituta geratzen dira. Nagusiei pentsarazi egiten die. Umetasuna atzean uzten dugun heinean, ilusioa galtzen joaten gara. Ilusiorik eta ametsik gabe, dena hankaz gora joaten da. Helduak arrazionalagoak gara eta hunkituta ateratzen dira antzokitik”.
Ikuskizunaren osagarri, diskoa ere kaleratu dute 13 abestirekin.