Juan Bautista Mendizabal historialari eta kronistak gidatuko du bisita hainbat bitxikeria partekatuz. Kontatuko du, esaterako, nola lehen udaletxean kartzela kokatzen zen, kapera, zezendegia, alondegia eta korrejidorearen bizitokiaz gain. Gaurko udaletxea 1730ean eraiki zen, Jose de Lizardi arkitektoaren eskutik. Hirugarrena da. Aurretik beste bi udaletxe ezagutu zituen herriak, biak Plazaberrin.
Bisitariek egiten duten ibilbidean, besteak beste, udal artxiboan gordetzen den 1324ko Azkoitiko herriaren sorrerako Hiri Gutuna edota Parrokiaren lehen planoa ere erakusgai izango dira.
Bestalde, bisita gidatua herritarren eta udal ordezkarien arteko topagunea ere izango da. “Udala da herritarrek hurbilen duten erakundea eta barrutik ezagutu edota jakin-mina dutenak etortzera gonbidatu nahi ditugu. Gure helburua da administrazioa herritarrei gerturatzea, nahiz eta hau modu natural batean ematen ari den. Duela urte batzuk, jendeari askoz gehiago kostatzen zitzaion udaletxeko ateak jotzea”, dio Ana Azkoitia zinegotziak.
Berriki egindako azterketaren arabera, Udaletxeko sail ezberdinetan astean 300 lagunetik gora artatzen dira.
Udalak herritarrak Ate Irekietan parte hartzera animatzen ditu.