Gaur ezagutzen dugun udaletxea 1730ean eraiki zen, Jose de Lizardi arkitektoaren eskutik. Hirugarrena da. Aurretik beste bi udaletxe ezagutu zituen herriak, biak Plazaberrin. Bata, 1458koa eta bestea, 1573koa. Gaur egungo begietatik bitxia dirudien arren, sasoi hartako udaletxean kokatzen ziren kartzela, kapera, zezendegia, alondegia edota korrejidorearen etxea, besteak beste. Izan ere, Azkoitia zen korrejidorea eta bere auzitegia txandaka bizi ziren Gipuzkoako lau herrietako bat eta bertan finkatzen zen probintziako aldundia ere tokatzen zitzaionean.
Udaletxean bildu diren herritarrek gune guztiak ikusteko aukera izan dute, baina udalbatza-aretoa izan da bertaratutakoak gehien harritu dituena, besteak beste, bertan dauden margolan artistiko-historikoengatik. Eta gutxitan izango duten aukera bat ere izan dute. Javier Zubizarreta alkateak herritarrak goraipatu ditu “herri batek duen gauzarik onena jendea” dela esanez eta Udalaren Ohorezko Liburua sinatzera gonbidatu ditu bisitariak.
Ibilbideak alkatetzatik jarraitu du eta bisitariek alkatearen bulegoa bisitatu dute, bertako sabaian margotuta dauden armarriak kontenplatzen zituzten bitartean.
Sail ezberdinak kokatzen diren espazioak ikusteaz gain, udal artxiboan ere geldialdia egin dute herritarrek. 1324ko Azkoitiko herriaren sorrerako Hiri Gutuna edota Parrokiaren lehen planoa, beste hainbat dokumentu bitxirekin batera.
Udala gaur egun
Bisita nagusiki ikuspegi historikotik eta balio kulturaletik jorratu den arren, gaur egungo Udalaren inguruko zertzelada batzuk ere eman dira, administrazioaren eboluzioa eta ematen ari diren hobekuntzak aipatuz. Besteak beste, Ana Azkoitia zinegotziak azaldu du Herritarren Arreta Zerbitzua hobetzeko lanean ari direla.
Berriki egindako azterketaren arabera, Udaletxeko sail ezberdinetan astean 300 lagunetik gora artatzen dira.