Hiru dira Javier Zubizarreta alkateak mahaigaineratutako proposamenak, egoitzaren kokapenak eragiten dituen oztopoak saihesteko edo arintzeko. “Bat: herri barruko garraioaren zerbitzua hobetuko genuke. Bi: igerileku irekien inguruan igogailua eraikitzea proposatzen dugu. Eta hiru: bertako egoiliarrentzat eta familientzat garraio zerbitzu pertsonalizatua eskainiko genuke, orain Eguneko Zentroko erabiltzaileen joan-etorrietarako duten furgonetari etekin gehiago atereaz. Modu horretan, egoiliarrak herrigunera etortzeko aukera izango lukete paseatzera, ospakizun batera edo kafea hartzera”.
Alkateak positibotzat jotzen du herritarrek modu aktiboan parte hartzea “Azkoitia hobeago baten alde”. Tamalez, argi du Egoitza Kaleraren eskakizuna bete ezinezkoa dela epe laburrean eta ertainean. Zergatik? Eskatzen duen esfortzu ekonomiko erraldoiagatik, egoitzaren eskumena ez delako Udalarena, eta une honetan Azkoitian ez dagoelako instalaziorik egoitza lekualdatzeko.
Egoitza Kalerak, beste aukera batzuen artean, Santa Klara proposatzen du egoitza berriaren kokaleku gisa. Santa Klara komentua, ordea, Oñatiko Santa Ana komentuarena da eta ez Udalarena.
Gainera, San Jose Egoitzaren instalazioak eta kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daude. Udalak ez du inolako eskumenik egoitzaren gainean. “Horrekin –dio alkateak- ez dut esan nahi ezer ezin dugunik egin. Hitz egin dezagun. Uste dut gure proposamenak soluzioaren parte direla”.
Epe motzera eta ertainera egoitza tokiz aldatzea pentsaezina bada ere, zerbitzuak hobetzen eta joan-etorriak errazten joan behar da. “Hori da gure esku dagoena, tokiz aldatzea ez”.