Imazek, taldeko kide Ximon Goiak eta Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek aurkeztu dute antzezlana. Antzerkiak Primo de Riveraren diktadura egon zeneko garaietatik Gerra Zibilaren hasierara eramaten du ikuslea. 1900dik 1936ra bitarteko urteetara gutxi gora-behera. “Gure herriaren historian oso garai garrantzitsua izan zela jabetu ginen. Industrializazioaren lehen urratsak ematen hasita zegoen, literaturaren loraldia zen Lauaxeta, Lizardi edota Nemesio Etxaniz azkoitiarrarekin, euskarazko prentsak indar asko zuen, Argia irakurtzen zen, irratia sortu zen, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia... baina guzti hori ez zen arantzarik gabekoa. Primo de Riveraren diktaduraren debeku eta errepresio guztiekin bizi izan zen”. Testuinguru horretan, Goierrin kokatutako bi familien bizimodua kontatzen da antzezlanean, ohiturak, ogibideak, eskola, erlijioa, eliza, e.a. azalduz.
Obraren bigarren zatian, berriz, Primo de Riverak dimititu eta Alfonso XIII.enak hauteskundeak deitu zituenekoa ekartzen da gogora. “Errepublikarrek irabazi zuten baina Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egun berean, Jose Antonio Agirrek –orduan Getxoko alkatea zen- Euskal Errepublika aldarrikatu zuen. Bera izan zen lehenengoa. Ausardia handiz, eredu monarkikoa alde batera utzi eta agintea bertan geratzea nahi zuen. Euskal Errepublika ez zuten lortu eta estatutu baten aldeko borrokarekin jarraitu zuten. Horixe da bigarren eszenan kontatzen duguna”. Pozak eta itxaropenak maldan behera joan ziren, ordea, altxamendu militarrarekin eta jarraian eztanda egin zuen Gerra Zibilarekin.
Karlos Gimenezen musikak hunkigarri egiten du antzezlana, Ximon Goiaren hitzetan. “Filmotekak ere utzi dizkigu pasarte batzuk eta bideo muntaia batzuk egin ditugu girotzeko”.
Herriko 16 lagunek hartzen dute parte antzezlanean, haietatik 3 umeak dira. 2017an estreinatu zuten obra eta dagoeneko hogei emanaldiren bueltan dabiltza, herriz herri ari baitira antzezlana aurkezten, publikoaren aldetik erantzu arrakastatsua jaso dutelarik.