Izan ere, emanaldiak elkartasun kutsua ere izango du. Sarrerak lau eurotan eskuratu ahalko dira eta biltzen den dirua bailarako Txolarte taldearentzat izango da.
Verdinik 25 urte daramatza dantzan. “Bartzelonan –dio Isabel Verdinik- dantza eta antzerkiko ikasketak egiten ari nintzela duela 25 urte, nire iloba Haizea jaio zen. Down sindromea du. Orduan aniztasun funtzionalaren inguruan ikertzen hasi nintzen eta ahizpari hitz eman nion bere alaba, nire iloba, ni bezala dantzaria izango zela”. Ordutik ez da gelditu. Une pozgarriak eta tristeak bizi izan dituztela gaineratu du baina “konstantzia, adore eta ilusioarekin” antzoki hoberenetara iritsi direla.
Mende laurden honetan hainbat ikuskizun taularatu dituzte eta bakoitzetik gehien gustatzen zaiena hartu dute 25 urteurrena ospatzeko. 18 dantzarik osatzen dute taldea. “Pasioa, dedikazioa eta profesionaltasuna jartzen ditugu”. Victoria Eugenia antzokian estreinatu zuten ikuskizuna.
“Garrantzitsua da ikustea zer nolako ahalmena duten pertsona hauek eszenatokian, zer transmititzen duten. Dantza eta kultura, bidez inklusioa landu dezakegu”, esan du Jesus Muruak.
Txolarteri laguntza
Atzegiko aisialdi zerbitzuko arduradun Olatz Mirandak aisiaren garrantzia aipatu du. “Guretzat ondo pasatzea baino gehiago da. Lagunekin egoteko, konpartitzeko, herriko espazioak erabiltzeko eta gure gaitasunak garatzeko” aukera ematen du. “Denontzat da garrantzitsua eta baita adimen urritasuna duten pertsonentzat ere. Hor kokatzen da Txolarte taldea”. 300 boluntario inguru ditu Atzegik.
Bailarako Txolarte taldeko koordinatzaile den Iraitz Otañorentzat garrantzitsua da aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak bermatzea. “Etxean egon dira urte askotan eta aisialdiaz gozatzeko eskubidea dute”. Adierazi duenez, plan berezi bat egiteko aukera izango dute emanaldiko sarreretatik jasotzen duten diruarekin.