Antolatzaileen gomendioa da parte hartzeko asmoa dutenek lehenbailehen izena eman dezatela. Izen-ematea martxoaren 28an itxiko da edo 1.100 partaidetara iritsitakoan. Azken kasu horretan, itxaron-zerrenda zabalduko da. Azkoitian Plaza Berri Sport dendan eman daiteke izena edo internetez http://www.rockthesport.com-en.
Gaur eman ditu lasterketaren inguruko azken xehetasunak Agustin Jimenezek, babesleak eta udal ordezkariak bidelagun zituela. Angel Martin Kirol zinegotziak antolakuntza goraipatu du eta boluntarioen lana txalotu. “Hainbeste urte iraun badu, urtez urte indartuz gainera, gauzak txukun eta ondo egin dituzuelako da. Beraz, eskerrik beroenak Udalaren izenean eta laguntzeko prest izango gaituzue beti. Horrelako maila duen lasterketa bat kirola baino gehiago da. Herrira jendetza ekartzen du, horrek suposatzen duen guztiarekin, bertako denda, taberna eta kaleko giroarentzat”, esan du Angel Martinek.
Aurreko urteetan bezala, argi dago xehetasun guztiak ondo baino hobeto zaindu dituztela kalitatezko lasterketa bat izan dadin.
Lasterketaz gain, Azkoitian estreinatuko da Euskal Telebistak ekoiztu duen “Diego García, bidegilea“. Dokumentala martxoaren 29an, 20:00etan, aurkeztuko da Baztartxo Antzokian. Sarrera doan izango da.
Egun berean, 29an, 11.00etan, Elkargunean LH6ko ikasleentzat solasaldia eskainiko da Diego Garcia zena sakonean ezagutzeko eta neska-mutilek hainbat atletekin egoteko aukera izango dute.
Eliteko atletak
Parte hartuko duten eliteko atleten zerrenda itxi gabe dagoen arren, Emmanuel Bett, Abera Kuma, Mamillo Nuguse edota Timothy Toroitich dira etortzea aurreikusita duten korrikalarietako batzuk. Euskaldunen artean, Iraitz Arrospide izango da. “Londresko maratoia –esan du Jimenezek- prestatzen ari da eta maratoi erdia hemen edo Pragan egin pentsatzen ari zen. Esan zigun gustatuko litzaiokeela Azkoitian eta Azpeitian egitea eta erraztasun guztiak jarri dizkiogu“.
Jimenezen esanetan, asko kostatzen zaiena da eliteko emakumezko korrikalariak ekartzea, “beste lasterketa batzuetan gehiago irabazten dutelako“. Birham Mihretu eta Fitaw Zeray etiopiarrak eta Irene Kimais keniarra datoz.
Maratoi erdian lasterkari herrikoientzat erbiak egongo dira eta erabiltzeko esan du Jimenezek. “Erritmo aldaketa handiak egiteko lasterketa luzea da eta komeni da erbiak erreferentziatzat erabiltzea“.
Nobedadeak
Bi nobedade aipatu ditu Jimenezek. Azkoitiko AEKk Korrikaren petoak salduko ditu eta Korrika 21 petoarekin helmugara iristen den lehenengo korrikalariak bi lagunentzako bazkari edo afaria irabaziko du. Bestalde, aurten estrainekoz ADELA-Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Gipuzkoako elkartearekin kolaboratuko dute. O zenbakidun dortsala eamngo zaie eta nahi duenak diruz lagundu ahalko dio elkarteari. Lasterketa egunean informazio postu bat ipiniko dute gaixotasuna ezagutzera emateko.