Momentu onak eta ez hain onak ekarri ditu gogora. “Gauzak ondo ateratzen direnean –esan du- erraza da dena baina gauzak gaizki ateratzen direnean, zaila da ondo eramatea eta ondokoek ere, pazientzia behar izaten dute“. Jator eta urduri, pasadizo ezberdinak partekatu ditu Goenatxok publikoarekin.
Jendetza bildu da udaletxean, Goenatxo II.ena babestu eta txalotu nahian. Javier Zubizarreta alkateak hala esan du: “Bizkar gainera inoiz altxako duen harririk handiena baino handiagoa du bihotza Goenatxo II-enak. Bada inguruan duena zorioneko egiten dakien jendea. Halakoxea da Juan Jose. Plazan, etxean eta joaten den tokian“.
Goenatxoren biografia liburua Alvaro Bermejok idatzi du eta Joxemi Saizarrek egin du itzulpena. Argazkiez eta diseinuaz, berriz, Joseba Urretabizkaia arduratu da. Xibarit argitaletxeak Jentilak bildumaren baitan ateratzen duen seigarren liburua da azken hau.
Bermejok mitotzat jo du harri-jasotzailea, Goenatxo, eta falta duen anaia ere ekarri du gogora, harri-jasotzailearen figura kiroletik haratago kokatuz. “Harriari bizitza eman dion jendea daukagu, dantzan jarri dute harria. Oteizak zioen harriak bihotza duela eta hauek egin dutena kirola dela esatea” gutxiegi da Bermejoren irudiko.
Patxi Astibia, Arria II.ena, Miguel Mindeguia, Atano X.ena eta Agustin Ostolaza kirolarien biografiek osatzen zuten orain arte bilduma eta Goenatxorena zerrenda mardultzera dator.
Zenbakitutako edizioa izango da eta 500 aletara mugatua. 30 eurotan jarriko da salgai Azkoitiko Hizki, Lujan eta Amaitz dendetan.
Goizeko omenaldiak arratsaldean Gurea Frontoian izango du jarraipena, 18:00etatik aurrera. Harri-jasotzaileak eta aizkolariak izango dira norgehiagoka.
Aizkoran Ugarteburu-Larrañaga, Arrospide-Txikia IV eta Azurmedi-Otaño arituko dira. Harri jasotzen berriz, Goenatxo III.ena eta Goenatxo IV.enaz gain, ondokoak arituko dira: Goikoetxe, Ostolaza, Eizmendi, Kortaberri, Diaz, Aimar Irigoien, Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria, Izeta II, Izeta III, Izeta IV, Eiza, Mendizabal III, Ugartemendia, Guzta eta emakumezkoetan, Karmele Gisasola eta Udane Ostolaza. Konpainia ona izango du arratsaldean Goenatxok frontoian. Zaletuek, zer esanik ez. Herri kirolez gozatzeko aparteko aukera.