Gazteria sailak antolatuta, ostiraleko erromeria 13 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua dago. Ekimenaren helburua gaztetxoei aisialdiaz gozatzeko aukera ematea da, lagun artean afalduz eta ondoren, dantzarako gonbitea luzatuz trikitilariekin. Afaltzeko otartekoak salduko dira baina nahi duenak bere otartekoa eraman dezake. Afaria 20:30an izango da eta erromeria, 21:30ean hasiko da. Hitzordua Elkargunean da eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Gazteria Zerbitzuan.
Larunbaterako, hilaren 4rako, Elkarguneak eta Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak elkarlanean, Dantza-Jauziak antolatu dituzte. Elkargunean 22:00etan izango da dantza saioa eta herritarrak parte hartzera eta gozatzera deituak daude.
Azkenik, dantzari eskainitako asteburuari amaiera emateko, igandean 45. Dantzari Txiki Eguna ospatuko da, Txalkor Txistulari Elkarteak antolatuta, Udalaren eta Floreaga ikastetxeko guraso elkartearen laguntzarekin. Kandiola Dantza Taldeko eta Bizkargi Dantza Taldeko 200 bat umek hartuko dute parte.
Dantzari zein musikariek lehen geldialdia 11:45ean egingo dute Balda plazan. Agurra eta Agintariena dantzatuko dituzte bertan. Jarraian, 12:00etan, dantza erakustaldi bikoitza izango da. Aita Madinabeitia plazan Kandiola taldeko dantzariak arituko dira eta Parrokia aurrean Bizkargi Dantza Taldeko kideak. 13:00ean, denak elkartuko dira eliza atarian elkarrekin emanaldia eskaintzeko.