Aurtengo ikasturtean “Ekoizpen eta Kontsumo Iraunkorra” aztertu dute gazteek eta horren harira, gaurko udalbatzara gonbidatu dituzte Herrixen Merkatari Elkarteko Sara Rodriguez eta Iraurgi Berritzeneko Alazne Larrañaga. Bidelagun izan dute Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntzako programak garatzeaz arduratzen den Legazpiko Ingurugelako arduradun Edurne Huesa.
Ikasleen Foroan adostutako proposamenak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei. Aurretik, Izarraitz Lanbide Heziketak estrainekoz hartu duenez parte, hitzarmena sinatu du Udalarekin Agenda 21era atxikitzeko.
Ikasleek tokian tokiko produktuen kontsumoa, kontsumo arduratsua, elikadura osasungarria, poltsa berrerabilgarrien erabilera, baserritarrei zuzenean erostea edota garraio publikoaren aldarrikapena egin dute. Erosketak non egiten dituzten aztertu dute eta internetaren eta supermerkatu edo denda handien eragina azpimarratu ere bai. Teknologiaz egiten dugun erabilera ere sakon ikusi dute, ekonomia zirkularrarekin batera. Besteak beste, herriko denda txikiak, azoka eta baserritarrak indartzeko proposamenak luzatu dituzte.
“Kontsumoaren gizartean bizi gara. Horrek esan nahi du beharrak sortzen diugula ez dauden tokian. Mugikor modelo berriak ateratzen dituzte bata bestearen atzetik eta oso ondo dago egin duzuen azterlan hau baina bakoitzaren ardura da kontsumoaren gizarteak markatzen duen erritmoari ez jarraitzea”, esan die Javier Zubizarreta alkateak.
Halaber, alkateak Udalak merkataritzaren, ingurumenaren edo energiaren bueltan egindako lanaren berri eman die. Azaldu die merkataritza eta enplegua Iraurgi Berritzenetik kudeatzen direla, langabezia asko jaitsi dela eta %8,7an dagoela Azkoitia, azken lau urteotan, 1.200.000 euro bideratu direla baserri bideak konpontzera edota Udaltzaingoarentzat aurki ibilgailu elektrikoa erosiko dutela eta kotxe elektrikoak kargatzeko guneak ere ipiniko direla aurki herrian.
Guztiak telazko poltsa batekin atera dira. Iraurgi Berritzenek herrian erosteko abian jarri duen kanpaina berria da poltsena. LH, DBH eta batxilergo ikasle guztiei banatuko zaizkie. Ikasleek eurek proposatutako leloak irakur daitezke telazko poltsetan. IKUSI ARGAZKI GUZTIAK HEMEN